Anaitasunak eskuratu du Lagun Onaken aurkako Txerloiako derbia

Andoni Elduaien 2021ko ots. 13a, 19:36

Azkoitiarrek lehen zatian bi goleko abantaila hartu badute ere, bigarren zatira gogor zelairatu dira azpeitiarrak, eta derbi estua jokatu dute Txerloia futbol zelaian. Mikel Pastrian eta Mikel Arzalluz –birritan– izan dira azkoitiarren golegileak, eta Joanes Otamendik eta Jagoba Erdoziak egin dituzte azpeitiarren golak.

Anaitasunak 3 eta 2 menderatu du gaur, larunbata, Azpeitiko Lagun Onak taldea Txerloia futbol zelaian. Azpeitiko Garmendipe zelaian jokatutako derbian bezala, Azkoitiko zelaian jokoan egon diren puntuak ere azkoitiarrentzat izan dira. Pare-pareko neurketa jokatu dute Anaitasunak eta Lagun Onakek. Lehen zatian bi goleko errenta lortu dute azkoitiarrek. Bigarren zatian, ordea, markagailuak erakusten duen bezain estu hartu dute azpeitiarrek Anaitasuna.

Lagun Onakek presio gogorra eginez egin dio aurre Anaitasunari, eta azkoitiarrek apenas egin dute azken asteetan erakutsi duten jokoa. Zuzen aritu dira Xabier Artetxeren mutilak, baina, halere, markagailuan aurrea hartzea lortu dute. 20. minutua pasatu eta berehala, Mikel Arzalluz aurrelariak erdiratutako kornerra buruz bikain gurutzatu du Mikel Pastrian erdilariak lehen zutoinaren parean. Minutu gutxira, gainera, Mikel Ruiz atezain zarauztarraren ateko sake baten ondotik lortu du bigarren gola Anaitasunak. Azkoitiarrek azpeitiarren erdiko jokalariei presio eginda, ezinhobeto amaitu dute jokaldia, horrela Anaitasuna bi gol aurretik utziz. Mikel Aramendik pasea Mikel Arzalluzi eginda, jokaldi azkarra eta ona osatu dute azkoitiarrek.

Bi eta hutsekoarekin, Anaitasuna Lagun Onak baino erosoago zegoen zelaian, baina atsedenaldira iritsi aurretik azpeitiarrek bi abagune garbi egin dituzte markagailuko errenta moztu eta partidan bete-betean sartzeko. Mikel Ruiz Anaitasunako atezainaren geldiketa onekin eta azpeitiarren erremate okerrekin, markagailua bere horretan iritsi da atsedenaldira.

Lehen zatian lortu ez duena bigarren zatia hasi eta berehala eskuratu du Lagun Onakek. Joanes Otamendi jokalari azpeitiarrak erdiratutako kornerrak zuzenean Anaitasunaren ate barrurako bidea hartu du. Azkoitiarrek ez dute erdiraketa behar bezala urruntzen asmatu, eta horrela, azpeitiarrak bete-betean sartu dira partidan. Une horietan azpeitiarrak gehiago izan dira berdegunean, eta Jagoba Erdozia aurrelariak, gainera, gertu izan du segidan Lagun Onaken bigarren gola. Anaitasunako Ruiz atezainaren aurrean gelditu da hernaniarra, baina jaurtiketa erdiratuegi egin du, eta atezain zarauztarrak kornerrera bidali du baloia beste geldiketa ona bat eginda. 

Lagun Onaken erritmoa Anaitasunarena baino hobea ari zen izaten markagailuak 2 eta 1 erakusten zuenean. Epaileak 60. minutuan Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi duenean, ordea, neurketaren norabidea berriz aldatu egin da. Anaitasunakoek egindako erdiraketa batean Ivan Castillo Lagun Onakeko atzelariak baloia area barruan eskuarekin jo duela iritzi dio epaileak, eta Mikel Arzalluzek 11 metrotatik egindako jaurtiketan ez du hutsik egin. Modu horretan, azkoitiarrek markagailuko abantaila handitu dute berriz.

3 eta 1 zen aurretik Anaitasuna, ez zirudien derbian ezer gehiago gertatuko zenik, baina Lagun Onakek azken unera arte eman du aurpegia Txerloian. Pixkanaka-pixkanaka, Anaitasuna bere zelaian sartzen hasi da, 86. minutuan Jagoba Erdoziak azpeitiarren aldeko bigarren gola egin duen arte; area barruko jokaldi nahasi batean hernaniarra izan da argiena eta oina sartuta ate barrura sartu du baloia. Artean edozertarako denbora zegoen Txerloian, eta horrela izan da; izan ere, luzapeneko azken segundoan Lagun Onakek esku-eskura izan du berdinketa. Jagoba Erdoziak area barruan bakar-bakarrik egin du buruz errematea, eta aurrelariari gutxigatik joan zaio baloia kanpora.

Gorabehera handiko derbia izan da Azkoitiko Txerloia futbol zelaian jokatu dena, baina era berean, emozio eta tentsio handikoa. Lagun Onakek sailkapeneko azken postuan jarraituko du bederatzi punturekin. Datorren asteburuan Sodupe taldea jasoko dute, Garmendipen.

Saioa Imaz, porrako irabazlea

Maxixatzen eta Uztarria hedabideek gaurko derbiaren harira egindako porra Saioa Imazek irabazi du. Imazek, beste lau lagunekin batera, 3 eta 2 emaitza jokatu zuen Uztarrian, eta bost asmatzaileen artean zozketa egin ondoren, berari egokitu zaio Elustondo banaketen, Zabala harategiaren eta Fernando Villegas arraindegiaren produktuz osatutako saskia. Guztira 346 lagunek parte hartu dute bi hedabideek antolatutako porran.