Itzulerako derbiaren ordua

Andoni Elduaien 2021ko ots. 12a, 08:46

Anaitasunak eta Lagun Onakek denboraldiko bigarren derbia jokatuko dute bihar 16:00etan, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Garmendipen, azken unean lortu zuten azkoitiarrek azpeitiarrak menderatzea, eta orduan bezala, biharko hiru puntuek ere balio handia izango dute bi taldeentzat lehen fasearen azken txanpara begira. Josu Juaristi Anaitasunako kirol arduraduna eta Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidentea "prest" dira demarako.

Derbia jokatuko duzue bihar, Txerloian. Prest al zaudete sasoiko bigarren erronkari aurre egiteko?

Iñigo Arregi: Bai, prest gaude. Partida oso berezia izaten da, eta ez dago prestaketa berezirik egin beharrik. Partida honek berak bakarrik dakar jokatzeko gogoa.

Josu Juaristi: Gu ere prest gaude, bai. Azpeitiarren aurka jokatzeko beti gaude prest, ez baitago jendea motibatu beharrik. Bolada oso onean gatoz, eta zapaturako gogotsu gaude. 

Zein da zuen taldeen egungo egoera?

I.A.: Egoera nahikoa aldrebestuta hasi zitzaigun guri denboraldi-aurretik, eta horri buelta eman ezinik-edo ibili gara. Gainera, egoera gogorrak egokitu zitzaizkigun hasieran, besteak beste, entrenatzailea aldatu behar izan genuen. Taldea, ordea, ondo ikusten dut. Entrenamenduetan-eta ez dute hutsik egiten, 22 jokalari etortzen dira egunero-egunero eta astero entrenatzera. Neurketa guztietan aurkariaren parean ibiltzen gara, baina galdu egiten dugu, gauza bategatik edo besteagatik. Ez dugu lortzen emaitza onak ateratzea. Taldea gogoarekin joango da Azkoitira.

J.J.: Anaitasuna egoera onean iritsiko da derbira, 2021. urte honetan partidarik galdu gabe baikaude. Gure asmoa edo nahia da sailkapeneko azken bost postu horietatik lehenbailehen urruntzea. Oso parekatuta gaude talde gehienak, eta hortik urruntzeko Lagun Onaki irabazi beharra daukagu.

Zertan ari da izaten ona aurten zuen taldea, eta zertan ari da huts egiten?

I.A.: Aurten ez daukagu gauza on asko esateko. Gol asko jaso ditugu aurka, eta horrela zaila da partidak irabaztea. Jokoari baino taldeari emango nioke nik garrantzia, guztiak bat eginda daude eta.

J.J.: Partida bakarren bat kenduta, oso-oso talde lehiakorra ari da izaten Anaitasuna aurten. Beharbada, ez dugu asmatu markagailuan aurrea hartutako partida batzuk ixten. Durangoren edota Santurtziren aurka, esaterako, alde genituen partidak ez genituen itxi eta hor huts egin genuen. 

Hitz bat aukeratzekotan, zein aukeratuko zenukete aurkaria definitzeko?

I.A.: Betidanik izan da lehiakorra Anaitasuna, badute grin hori Azkoitian. Hil edo bizi lehiatzen dute azkoitiarrek, eta gainera, Lagun Onaken aurka areagotu egiten dute lehiakortasuna.

J.J.: Lagun Onaken eta Anaitasunaren artean lehia handia dago. Kalitate handiko taldea da Lagun Onak, izen handiko jokalariak ditu. Aurten ez dira asmatzen ari, baina ziur nago larunbateko derbia oso zaila izango dela. Klubaren eta jokalarien izenagatik, Lagun Onaki ez dagokio sailkapenean dagoen tokian egotea.

Derbia zalerik gabe jokatuko da beste behin. Derbia ez da horren derbi, ezta?

I.A.: Ez du zerikusirik, ez. Derbi bat jenderik gabe ez da ezer. Partida erakargarria da derbia delako, baina oso tristea da. Pertsona gutxi elkartuko dira harmailetan, bi zaleak, bi taldeetako zuzendaritzak, bi herri hemen elkartu beharrean, eta hori ez da batere polita.

J.J.: Tristea da. Sekulako jendetza elkartu eta giro aparta sortuko litzateke partidan. Hogei bat lagunek ikusiko dugu bakarrik. Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko derbiak festa izan beharko luke. Ez dut esan nahi beste edozein partida bezalakoa izango denik biharkoa, baina antzeko zerbait izango da.

Anaitasunak ez du oraindik etxean ligako partidarik irabazi. Derbia aukera aproposa izan al daiteke etxeko lehen garaipena lortzeko?

J.J.: Etxetik kanpo lau partida irabazi ditugu, baina etxean irabazi ezinda jarraitzen dugu. Ziur nago aste honetan irabaziko dugula. Partida bat edo beste kenduta, xehetasun txikiengatik egin digute ihes etxeko partidek. 

Garmendipeko derbia Anaitasunak irabazi zuen. Azkoitikoa Lagun Onaki egokitzen al zaio?

I.A.: Horrela espero dugu eta ideia horrekin joango gara Azkoitira. Ez dugu aurretik ezer esango, baina partida irabaztera joan behar dugu, beharra daukagu, eta nik uste dut, gainera, lortuko dugula.