Koronabirusa Azpeitian

Lau positiborekin, beste koska bat jaitsi da Azpeitiko intzidentzia tasa

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 9a, 13:27

873,85etik 808,15era jaitsi da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. Eskualdean bederatzi positibo zenbatu dituzte orotara: Azpeitiko lauak eta beste bost.

Denboralea baretzen ari dela dirudi. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian jakitera emandako datuen arabera, atzo lau positibo baieztatu zituzten Azpeitian, eta beste koska bat jaitsi da 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua: 873,85 zen atzo eta 808,15 da gaur. Oraindik oso altua da tasa, eta eremu gorrian dago herria, baina azken egunotako bilakaera baikorra da. Urola Kostan ere aspaldiko positiborik gutxien zenbatu zituzten atzo: bederatzi; Azpeitikoak eta beste bost.

Azpeitiarekin batera, Orio da gorrian jarraitzen duen beste herria. Atzo positibo bakarra atzeman zuten han, baina kasu metatuen tasak oso goian jarraitzen du: 1.255,71ko tasa zuen atzo kostaldeko herriak. Alde positibotik begiratuta, bezperakoa baino 33 puntu baxuagoa da tasa gaur-gaurkoz. 

Beste positiboak Zestoan –bi–, Azkoitian eta Zarautzen zenbatu zituzten; bi herri hauetan kasu bana izan zuten, eta eremu laranjan jarraitzen dute bi herriek. Zumaiak ere laranjan jarraitzeko pauso handia eman zuen atzo: ez zuten kasurik baieztatu herrian, eta tasa 366,34ra jaitsi da. Herenegungo tasarekin alderatuta 41 puntu txikiagoa du gaur Zumaiak. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituen positiborik atzeman atzo.

Mila positibotik behera Hego Euskal Herrian

Olatua badirudi Hego Euskal Herritik urrutiratzen hasi dela. Atzo ere mila positibotik behera izan ziren lau lurraldetako datuak batu ondoren.

Osakidetzak emandako datuen arabera 723 kasu detektatu zituzten egindako 12.320 probatan, %5,9ko positibotasun tasarekin. Bezperako kopurua baino handiagoa da, baina PCR eta antigenoen proba gehiago ere egin zituzten atzo. Araban 99 positibo izan zituzten, 399 Bizkaian, 216 Gipuzkoan eta beste lurralde batzuetako beste bederatzi kasu. 93 lagun ospitaleratu zituzten, eta 157 lagun zeuden ZIUetan, bezperan baino zazpi gutxiago.

Nafarroan, kutsatzeek gora egin dute berriro, bi egunez ehunetik behera egon ondoren. Atzo 138 kasu atzeman zituzten, Foru Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. 2.883 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik %4,8k eman zuten positibo. Horrenbestez, positibotasun tasa berdin mantendu da.