Euskararen munduko ekimen digitalen bideragarritasuna aztertu du Ihintza Iturrik

Andoni Elduaien 2021ko ots. 8a, 10:40
Iturri, ezkerretik bigarrena. (Argazkia: Codesyntax)

Azpeitiarrak, beste ikasle batzuekin batera, CodeSyntax enpresak euskara bultzatzeko garatu dituen hainbat proiektu aztertu ditu gradu amaierako lanean.

Euskararen munduari lotutako ekintzailetza digitaleko ekimenek duten bideragarritasuna aztertu dute Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza egiten ari den Deusto Business Schooleko ikasle talde batek, tartean Ihintza Iturri azpeitiarrak.

CodeSyntax enpresarekin lankidetzan garatu dute horiek gradu amaierako lana; izan ere, enpresa horrek euskarazko hainbat proiektu ezagun garatu ditu, hala nola Egunean Behin jokoa, Mendiak eta ERP. Era berean, tokiko hainbat hedabiderentzako plataforma digitalak ere garatu ditu, tartean Uztarria.eus-ena. Lana gauzatu duten ikasleek CodeSyntaxek egindako proiektu horien errealitatera hurbildu eta proiektuek duten bideragarritasuna aztertu ahal izan dute.

Gainera, informazio eta komunikazio teknologietan sakondu dute, eta teknologia ez ezik, aplikazioek duten potentziala, horiek dituzten abantailak, aukerak eta negozioaren balizko balioak aztertu dituzte, baita horiek erakundeetan eta negozio eraldaketan duten eragina ere.