Koronabirusa Azpeitian

Aho batez onartu dute ostalariek aurkeztutako mozioa udalbatzarrean

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 3a, 14:20

Eudeli, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari udalerrian autonomoek bizi duten egoeraren berri emateko eskatu diote udalari ostalariek, dirulaguntzak emateko Jaurlaritzari eta Aldundiari, eta azken erakunde horri establezimenduen higiezinen zerga bertan behera uztea ere bai, "jarduera normala berreskuratu arte".

Herriko ostalariek aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten atzo, otsaileko ohiko udalbatzarrean. Mozio horretan, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek joan den martxotik izan duten bilakaera eta horiek ostalaritzari nola eta zertan eragin dioten xehe azaldu dute ostalariek, baita azken hilabeteetako beren egoera zertan den ere. Hiru eskaera zehatz egiten dituzte mozioan: Eudeli, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari udalerrian autonomoek bizi duten egoeraren berri emateko eskatu diote udalari ostalariek, dirulaguntzak emateko Jaurlaritzari eta Aldundiari, eta azken erakunde horri establezimenduen higiezinen zerga bertan behera uztea ere bai, "jarduera normala berreskuratu arte".

Alaitz Alberdik hartu zuen hitza atzoko udalbatzarrean herriko ostalarien izenean. Mozioan jasotakoa azaltzeaz gain, Azpeitiko ostalarien egoera "benetan larria" dela adierazi zuen Alberdik, pandemiaren kontrako neurri murriztaile orokorrez gain, herria eremu gorrian denbora luzez egotearen ondorioak jasaten ari direlako. Koronabirusaren krisialdiaren "kaltetu bakarrak ez" direla jakitun dira ostalariak, "baina beti itxita gaude", zion Alberdik, hilabete luzez beren lana normaltasunez ezin eginda daudela nabarmentzeko. "Dituen baliabideak mahai gainean jartzea" eskatzen diote udalari, baina, bereziki, ostalariei "babesa ematea" eta horien eskaerak gainerako erakundeetara helarazten laguntzea. "Badakit zaila dela", onartu zuen ostalarien ordezkariak, "baina denon artean hitz egin eta egoera nolabait samurtzea" espero du. "Jarrera pedagogikoa lantzea" ere eskatu zuen ostalarien ordezkariak, herritarren positiboek ostalariengan zuzenean eragiten dutela gogoratuz. "Pandemiari denon jarrerarekin egin behar diogu aurre", gaineratu zuen Alberdik.

Udalarekin harremanetan egon dira eta daude ostalariak azken hilabeteetan, eta bide beretik jarraitzeko nahia adierazi zuten bai ostalarien ordezkariak, bai udal ordezkariak. Nagore Alkorta alkateak zein Amaia Etxeberria oposizioaren bozeramaileak ostalarien egoera ahal den neurrian arintzeko konpromisoa adierazi zuten, baita mozioan jasotako eskaerak bideratzeko ere.

Mozioa, osorik

Hau da, osorik, ostalariek Ostalaritza Aurrera Gipuzkoa plataformaren izenean aurkeztu eta udal ordezkariek aho batez onartutako mozioa (abenduaren 31eko data du idatziak):

"COVID-19aren ondorioz Estatuko Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak agindutako ostalararitzaren itxierak direla eta, ekonomiaren arlo hori jasaten ari den egoera larriari irtenbide egokia emateko neurriak har ditzaten eskatzeko udal mozio proposamena, Ostalaritza Aurrera Gipuzkoa plataformak eskatuta.

Urte honetako martxoaren 14an, lehenengo Eusko Jaurlaritzak eta egun berean Estatuko gobernuburuak, ostalaritza ixteko agindua eman zuten.

Maiatzaren 11n, deseskalatzeko 1. fasean, ostalaritza berriro irekitzeko baimena iritsi zen. Irekitzeko baldintzak hain murritzak izanik, ostalarien gehiengoak maiatzaren 25etik aurrera ireki zuen. Beraz, 71 egun itxita egon ziren gure negozioak.

Ekainaren 21ean alarma egoera altxatu eta, pandemiaren bilakaera negatiboa zela eta, abuztuaren 17an murrizketa berriak etorri ziren eta gaueko aisia erabat itxi zen. Urriaren 25ean bigarren alarma egoera agindu zen eta azaroaren 6an bigarren itxiera iritsi zen.

Abenduaren 12an irekitzeko baimena izan genuen, ordutegi eta aforo murrizketa handiekin, 35 egun itxita egon ondoren. Baina ez genuen guztiok irekitzeko baimenik izan. Horrela, Arrasatek, Ordiziak eta Eibarrek itxita jarraitu zuten.

Handik hiru egunetara, Beasain, Zaldibia eta Azpeitiko ostalaritzaren itxiera agindu zen. Abenduaren 18an, berriz, Segura eta Eskoriatzako ostalaritza itxi ziren.

Gaurko egunean, abenduak 31, Errezil, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Segura, Zaldibia, Arretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain eta Ordiziako ostalaritzak itxita jarraitzen dute.

Guztira, Gipuzkoako ostalariok gure negozioak itxita eduki ditugu 106 eta 125 egun artean, udalerri bakoitzaren egoera epidemiologikoaren arabera. Gaueko ostalaritzak, berriz, 7 hilabetetik gora darama erabat itxita.

2021. urtea, 2020a amaitu zen modu berean hasi da, egoera hau ez da jasangarria. 2021. urterako ez da tunelaren amaierako argia ikusten. Garbi ikusten den gauza bakarra ostalaritzak jarraitzen duela kaltea jasotzen, debeku eta murrizketekin.

Eta itxita egondako epean ere, gure gastu finko guztiak ordaintzen jarraitu behar izan dugu: telefonoa, aholkularitza gastuak, aseguruak, gastu informatikoak, gasa, argindarra, OHZ, zaborren eta terrazen tasak, alokairuak, maileguak, banketxe gastuak, suhitzalgailuen mantenua, alarmen hileroko kuota, SGAE...

Egia da, tokian tokiko udalek lagundu digute, neurri ezberdinen bidez, gastu finko batzuk arintzen, terraza eta zabor-tasak bolara batez kenduz, kontsumoa bizkortzeko bonuak ateraz, EPletarako laguntza emanez, terrazen azalera handitzeko aldi baterako baimenak emanez...

Bestalde, lehenengo itxialdian, mutuan bidez, 666 eta 1.098 euro arteko kopurua jaso genuen, eta autonomoen kotizazioa kendu ziguten.

Bigarren itxialdian, irailaren 29ko 30/2020 Errege-Dekretuaren bidez, hilean 301,6 eta 377 euro arteko kopurua jasotzeko eskubidea onartu zitzaigun (kotizazio mininimoaren oinarriari dagokionaren %50 kasu batzuetan, eta %40 beste batzutan) itxialdiak irauten duen bitartean; era berean, ez digute kobratuko autonomoen kuotarik.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, aurrikusiak ditu 3.000 eta 4.500 euro arteko laguntza zuzenak, eta ostalari gutxi batzuk dagoeneko jaso dituzte.

Alokairuak dituztenen egoera, berriz, jabe eta maizterren akordioen baitan geratu da. Maileguen kasuan, ostalari askok ordainketen urtebeteko atzerapena lortu dute.

Egiari zor, aitortu behar da administrazio ezberdinek ahaleginak egin dituztela gure egoera arintzeko; baina ez da nahikoa.

Faktura finko guztiak ordaindu ondoren, ikusi dugu jasotako laguntzekin ostalari gehienok ez dugula lortu gastu finkoei aurre egitea.

Horrez gain, familia asko eta asko ostalaritzatik bizi gara, eta 2020. urtearen herena baino gehiagoz geure bizitzarako gastuetarako diru sarrerarik gabe gelditu gara.

Gipuzkoako ostalari gehienok autonomo txikiak gara, lokal bat edo bi errentan edo jabetzan ditugu, baina ez dugu diru sarrerarik eguneroko bizitzako gastuei aurre egiteko. Egoera horrek hainbat eta hainbat familia miseriara garamatza. Gure egoera animikoa ere desesperazioaren mugan aurkitzen da.

Ez dugu lan egiterik izan eta ezin izan dugu soldatarik eraman geure etxeetara.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, honako eskaera hauek Osoko Bilkurara aurkeztu nahi dizkiogu, onartuak izan daitezen:

  1. Eskatu Azpeitiko Udalari Eudeli, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari udalerrian autonomoek bizi duten egoeraren berri emateko.
  2. Eskatu Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari diru laguntzak emateko ostalaritza sektoreari.
  3. Eskatu Gipuzkoako Foru Aldundiari ostalaritza establezimenduetan (IBI) zergen bilketa bertan behera uzteko jarduera normala berreskuratu arte".