Iritzia

Hiru urtez bertatik bertara

Ioritz Aizpuru Goitia, Artxara Kooperatibako langile bazkideen izenean 2021ko ots. 3a, 08:23
Elikaguneko lantaldea.

Gaur, otsailak 3, hiru urte bete dira Azoka Plaza berrituak eta Elikaguneak ateak ireki zituztenetik. Urteurren horren harira iritzi artikulu hau idatzi dute Elikagunea kudeatzen duen Artxara kooperatibaren kideek.

Hiru urte bete berri dira Azoka Plaza eraberrituak eta Elikaguneak beren ateak zabaldu zituztenetik. Azpeitiko Udalak hainbat eragile eta baserritar bidelagun zituela hasitako bidearen emaitza. Landa eremu bizi bat eta lehen sektore indartsu bat helburu dituen proiektua martxan jarri zen, bertako produktuen kontsumoa sustatuz, besteak beste.

Lehen egunetik herritarrek erakutsitako babesari esker, oinarri sendoak jarri eta pauso berriak eman ditugu, Elikaguneko produktuen eskaintza zabalduz, herriko hainbat jangela kolektibo bertako produktuekin hornituz, eragile ezberdinekin elkarlanean sukalde ikastaroak, dastaketak, formazio ekimenak eskainiz... Finean, bertako produktuen kontsumoa sustatuz, ekoizleen lana balioan jarri da, betiere irabazi asmorik gabeko proiektu kooperatiboa oinarritzat hartuz. Ondorioz, hainbat ekoizlek beraien ekoizpena handitzea edota produktu berriak merkaturatzea ahalbideratu da.

Ezin dugu ukatu, ordea, azken urte hau berezia izan ez denik, pandemiak hankaz gora jarri ditu bazterrak, eta ez da salbuespena izan lehen sektorea. Baserritarren merkaturatze gune garrantzitsu diren azokak debekatu zituzten urtearen hasieran (Azpeitian azokak irekita mantentzeko apustua egin zen). Ostalaritzaren itxierak eta merkatari txikien egoerak ere zuzenean eragin die gure ekoizleei, jatetxe, taberna eta hainbat denda txikitako hornitzaileak diren neurrian.

Lehen bi urteurrenak ekitaldi ezberdinekin ospatu baditugu ere, agerikoa da aurten ez gaudela ospakizunetarako. Hala eta guztiz ere, ez genuen nahi hau guztia posible izan dadin zuen alea jarri duzuen herritar, eragile zein baserritarrei eskerrak eman gabe gelditzea. Urte gorabeheratsua izan bada ere, guztion artean aurrera egin dugu, eta herritarrek bertako produktuak kontsumitzeko hautua berretsi dute.

Jarrai dezagun bada elkarlanean, gure landa eremuaren etorkizuna ereiten.