2021eko dirulaguntzen barruan, 382.000 euroko partida bideratuko du udalak "egoera ekonomiko larrienean" daudenei laguntzera

Maialen Etxaniz 2021ko urt. 29a, 15:45
Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua eta Nagore Alkorta alkatea. (Azpeitiko Udala)

Egungo testuinguruaz kezkatuta, "urgentziaz" onartu ditu Azpeitiko Udalak 2021eko dirulaguntzak. Bi aldaketa nagusi izango ditu aurtengo deialdiak. Alde batetik, jarduera ekonomikoari lotutako gastuak, hala nola alokairua, mailegua edo hornikuntza gastuak diruz lagunduko ditu udalak. Bestetik, azken urteotan "pentsio baxua" duten pertsonentzako laguntza osagarria zabalduko du erakundeak. Era berean, langabezian, kontratupeko lanean edo autonomo moduan lan egiten duten herritarrek eska ditzakete udal dirulaguntzak. 

2021eko udal dirulaguntzak onartu ditu Azpeitiko Udalak. Dirulaguntza horien bidez, 382.000 euroko diru partida bideratuko du Azpeitiko Udalak "egoera ekonomiko larrienean" daudenei laguntzera. Horrela jakinarazi dute gaur Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. "Herrian dagoen osasun egoeraren bilakaeraz eta herritarrek bizi dituzten egoeraz kezkatuta" daudela azaldu dute biek, eta azpimarratu dute adostutako azken dirulaguntzak "urgentziaz" onartu dituztela. 

Bi aldaketa nagusi izango ditu 2021eko dirulaguntzen deialdiak. Alde batetik, udalak diruz lagunduko ditu jarduera ekonomikoari lotutako gastuak, hala nola alokairua, mailegua edo hornikuntza gastuak. Bestetik, azken urteotan "pentsio baxua" duten pertsonentzako laguntza osagarria zabalduko du erakundeak. Adin txikikoen eskolaz kanpoko jardueretako bekak ere dirulaguntza horren bitartez bideratuko ditu udalak. 

Era berean, laguntzek berdin balioko dute langabezian, kontratupeko lanean edota autonomo moduan lan egiten duten herritarrentzat. "Egoera berezi honetan egon daitezkeen beharrei erantzuteko egokitzapenak egin ditugu. Eta beraz, bete beharreko baldintzak dituzten azpeitiar guztiek izango dute udal laguntza hau jasotzeko eskubidea”, azaldu du Alkortak.

Erakundeak jakinarazi du adostutako diru partida 382.000 eurokoa dela, "baina behar izatera, diru gehiago jartzeko konpromisoa" duela. Alkateak adierazi duenez, Azpeitiko Udalarentzat "lehentasun osoa" du egoera ekonomiko larrienean egon daitezkeen azpeitiarrak babesteak “Horretarako diru gehiago beharko balitz kreditu aldaketa bitartez txertatuko genuke”, gaineratu du Alkortak. Era berean, sustapen ekonomikorako dirulaguntzak prestatzen daudela ere aurreratu du alkateak: “Datozen asteetan sektore ekonomiko ezberdinetako ordezkariekin landuko ditugu. Ostalariekin, merkatariekin, baserritarrekin nahiz industrian lanean aritzen direnen ordezkariekin bilduko gara, beraien ekarpenak jaso eta 2021eko aurrekontuan sustapen ekonomikorako jasotako 450.000 euro ahalik eta modurik eraginkorrenean kudeatzeko”.

Laguntzen nondik norakoak

Laguntzak eskatzeko ezinbestekoa izango da Azpeitian erroldatuta egotea eta gutxienez 18 urte izatea. Era berean, ezinbestekoa izango da eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenago sortutako bizikidetza unitatea izatea. Ondasunei dagokienez, ohiko etxebizitzaz gain –garaje eta trastelekua barne– ezingo da beste ondasun higiezinik eduki laguntza jasotzeko.

Hona hemen eskatzaileek dirulaguntzak eskuratzeko bete beharko dituzten baldintza ekonomikoak:

Honako zehaztapen hauek ere kontuan izan beharko dira dirulaguntzak eskatzerakoan:

  • Familia unitatea osatzen duten kideen artean ezingo dituzte goian azaldutako diru sarrera kopuru horiek gainditu.
  • Autonomoen kasuan, laguntza eskatu aurreko hileko diru-sarrerak kontabilizatuko dira, baita laguntza eskatzen den aldiko diru-sarrerak ere.
  • Jasotzen diren eskaera eta kasu guztiak banan-banan aztertzen dira

Herriko egoera ekonomikoa 

Martxotik hona aldaketak izan dira herriko ekonomian. Udalak azaldu duenez, "osasun alarma egoerak eragin zuzena izan du herritarren ekonomian". Alkortaren hitzetan, “herritarren pobretzea” ematen ari da: "Ostalaritzan edo tokiko merkataritzan lan egiten duten herritarrek bizi duten egoera kritikoa izan daiteke nabarmenena, baina beste hainbat sektoreetako langileak ere kaltetu zuzenak dira".

Azken datuen arabera 2020. urtearen buakeran % 8,8koa zen herriko langabezia tasa; zehazki 636 azpeitiar zeuden langabezian, eta 256 pertsona daude Enplegu Erregulazio Espedientean (EEE); horietatik 205 zerbitzuetako langileak.

Leire Goenagak azaldu du Azpeitiko Udala “ahalegin berezia” egiten ari dela sortu diren behar berriei erantzuteko: "Horren isla, datu bat: iaz, gizarte larrialdietarako laguntzen eta udal laguntzen bidez 500.000 eurotik gora bideratu ziren behar gehien duten familietara. %75a udalak jarri zuen eta %25a Eusko Jaurlaritzak".

Goenagak adierazi duenez, aurtengorako gizarte larrialdiei eta udal laguntzetarako 382.000 euro jaso dituzte udal aurrekontuetan: “Udaleko sarrerak jaitsi badira ere, partida hori igo egin dugu, egoerak horrela eskatzen duelako. Herritarren diru sarrerak jaitsi egin dira, eta lehen egoera zailean zeudenak orain okerrago daude. Langabe gelditu direlako herriko gazte eta familia asko edo Enplegu Erregulazio Espedientean daudenez hileroko diru sarreretan beherakada nabarmena jasan dutelako”.

Udalak eman ditu laguntzen xehetasunak: "Oinarrizko gastuetan elikagai, higiene, osasun gastu eta hainbat gastu pertsonal laguntzen dira. Ohiko etxebizitzako gastuetan, berriz, alokairua edo mailegu gastuak laguntzeaz gain ura, gasa, argindarra, asegurua, IBIA, zaborra…. nezalako kontzeptuetarako laguntza jasotzen da".