Aintzane Pujanaren hilketa gaitzetsi dute dozenaka lagunek plazan

Nerea Uranga 2021ko urt. 23a, 18:36

Urtarrilaren hasieran Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujanaren hilketa salatu dute gaur dozenaka lagunek Basanderiek taldearen deialdiarekin bat eginda. Pujanaren familiari eta gertukoei "besarkadarik estuena" helarazi diete Basanderiek taldekoek, eta "indarkeria matxistarekin aski" dela aldarrikatu dute.

Matxismoak hiltzen gaitu! Autodefentsa feminista lelo zuen pankarta hartuta dozenaka lagunek egin dute Basanderiek taldeak Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko gaur arratsaldean deitutako elkarretaratzearekin. Emakumearen kontrako biolentziari dagokionean urtea gogor hasi dela adierazi du Basanderiek taldeak gaurko bilkuran: "Beste behin emakume bat eraila izan da Euskal Herrian. Urtarrilaren hasieran, Aizarnazabalen Aintzane Pujanaren erailketaren berri izan genuen, eta hilaren 13ra arte ez zituzten atxilotu haren hiltzaileak. Oraingoan, gainera, Pujana ilegalki atxikia eta sexualki esplotatua izan zenaren zantzuak daude. Egoera hau jasanezina da! Aski da! Pujanaren familiari eta gertukoei besarkadarik estuena helarazi nahi diegu".

Indarkeri matxistak "aurpegirik ilunena" erakusten jarraitzen duela salatu dute Basanderiek taldekoek, eta gertakari horiek "saminez eta amorruz" bizi dituztela. Basanderiek adierazi duenez, ezin da ahaztu indarkeria matxistak oinarri estruktural bat duela, "biolentzia maila agerikoenak ezkutuko indarkeriak dauzka itzalean". Indarkeria horiekin guztiekin bukatzeko, "erasotzaileekiko konplizitatearekin bukatu beharra "dagoela alkarrikatu du talde feministak.

Pandemiak eragindako egoeragatik biltzeko eta harremantzeko inoiz baino oztopo gehiago dituztela esan dute talde feministako kideek. Dena den, Basanderiek taldea jakitun da "zaintza sareak ezinbestekoak" direla indarkeria matxistari aurre egiteko: "Horretarako modu berriak bilatu behar izan ditugu, baina inoiz ez dugu indarkeria matxistaren aurka egiteko indarra galdu". Indarkeria matxistaren aurrean "erne" egon beharra dagoela adierazi du Basanderiek taldeak, eta horretarako autodefentsa feminista eta zaintzan sakondu beharra aldarrikatu ditu.