Pepa Bojo: "Ez digute irakatsi emozioak kudeatzen, eta osasun krisiak agerian utzi du hori"

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 24a, 10:00
Pepa Bojo.

Jabetze Eskolan barruan antolatu duten Labirintoan Barrena ikastaroaren gidaria da Pepa Bojo (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1962). Berez, urtarrilaren 25ean ziren saioak hastekoak, baina Emakumeen Txokoak astebete luzatu du izen emate epea, eta, beraz, otsailaren 1ean egingo dute lehen saioa. Ikastaroa online jaso nahi dutenek ere eman dezakete izena. Bojok herritarrak animatu ditu saioetan parte hartzera.

Labirintoan Barrena izena jarri diozu ikastaroari. Sinbolo unibertsala da labirintoa, zure arabera. Zer esan nahi du sinbolo horrek?

Labirintoarena Fina Sanz terapeutarengandik hartutako ideia da, ez da nik asmatutakoa. Terapeuta horrekin trebatu nintzen ni, eta hark dioen moduan, kultura askotan azaltzen den sinboloa da labirintoarena. Kultura askotan baliatu izan dituzte labirintoen irudiak, eta sarritan, eraldaketa prozesuei lotuta daude labirintoak. Krisi guztietan patroi bat errepikatzen da: orain arte funtzionatzen zuenak funtzionatzea uzten du, eta hori gerta daiteke maila sozialean, pertsonalean nahiz bikote harremanetan. Zerbaitek funtzionatzeari uzten dio, eta orduan, krisian sartzen gara: hau da, gauzak atzean utzi behar dira eta ikusi behar da orain nola funtzionatuko dugun. Horregatik, krisi guztiak dira aldatzeko momentuak, aldaketarako aukera bat dira krisiak; hori adierazten du labirintoaren ideiak. Labirintoetan estutasuna, larritasuna pasatzen duzu, baina gero beste leku batera iristen zara, eta krisi batean antzeko zerbait gertatzen zaigu: pixka bat galduta egon ohi gara, zer bide jarraitu behar dugun ez dakigula, ez dagoelako norabidea markatzen duen seinalerik. Dena den, labirinto horietatik atera egiten gara, eta ibilbide bat eginda ateratzen gara, gainera. Ulertu behar dugu krisi garaian egiten dugun ibilbide hori dela ikastera bultzatzen gaituena.

COVID-19ak ere krisialdian ezarri du gizartea. Beraz, gertatzen ari dena labirintoaren irudiarekin erlaziona daiteke?

Bai, eta horregatik uste dut orain oso momentu egokia dela labirintoaren eta eraldaketa prozesuen gaia lantzeko. Gaur egun, krisi asko ari dira gertatzen, eremu askotan: eremu sozialeko krisiak, esaterako, denoi eragin digu, eta horri gehitu behar zaizkio jendea bizitzen ari den krisi pertsonalak, harremanen krisiak... Krisi sozialak nora goazen birpentsaraziko digu, baina horrez gain, ondoeza eta ezjakintasuna eragiten dizkigu. Ondorioz, krisi egoeran sartu gara, eta hori kudeatzen jakin behar da.

Nola eragin die osasun krisiak emakumeei?

Gauza jakina da birusak ez dituela bereizten gizonak eta emakumeak, eta, beraz, denoi eragin digu osasun larrialdiak. Hala ere, egungo gizartean emakumeek eta gizonek dituzten bizi baldintzak ez dira berdinak, eta horrek eragina izan du. Izan ere, oraindik emakumeak dira osasun eremuan lan egiten duten gehienak, baita adinekoak edo haurrak zaintzen dituztenak ere. Krisi honetan ikusi duguna da emakumeek dutela lan kargarik handiena, bai etxe barruan, bai etxetik kanpo. Horrez gain, emakume askok, lana tarteko –garbitzaileek, esaterako–, gaixotzeko arriskua dute, birusarekin kontaktu zuzena dutelako, eta etxean norbait gaixo baldin badago ere, normalean emakumeak arduratzen dira haien zaintzaz. Gainera, askotan baldintzarik txarrenetako lanpostuak emakumeek betetzen dituzte, eta horregatik, emakume asko arazo ekonomikoak izaten hasi dira. Beraz, generoaren arabera, krisia desberdin ari zaio eragiten jendeari.

Emakumeen Txokoan emango duzun ikastaroan emakumeei erremintak ematen ahaleginduko zara, krisiak gainditzen ikas dezaten.

Hala da. Lehenik eta behin, krisi bat zer den ulertzen saiatuko gara, baita gaur egun zer gertatzen ari den ere. Izan ere, nahiz eta norbaitek bizi baldintza onak izan, guztioi eragin digu krisi sozialak emozioetan: sintomak eragin dizkigu, larritasuna, beldurra... Garrantzitsua iruditzen zait zer gertatzen ari zaigun ulertzea. Behin hori ulertuta, krisi hori kudeatzeko erremintak landuko ditugu; batez ere, emozioak kudeatzeko lan egingo dugu. Norebere zaintza oso garrantzitsua da. 

Zer da garrantzitsua krisiak gainditzeko, emozioak kudeatzen ikasteko?

Krisi guztietan, garrantzitsuena da ez gelditzea emozioetan harrapatuta, batez ere, amorrua, samina eta kulpa bezalako sentipenetan. Hori da jendeari krisietatik ondo ateratzea oztopatzen diona: sentipenetan harrapatuta gelditzea. Pandemia hasi zenetik, emakume askorengan oso presente daude kezka, ezjakintasuna, beldurra edota estutasuna bezalako emozioak. Horregatik, oso garrantzitsua da emozio horiek kudeatzea, horietan harrapatuta ez gelditzeko. Helburua honako hau da: orain hain presente dauden emozioak kudeatzea eta eraldatu ahal izatea, lasaitasuna eta segurtasuna sentitzeko.

Dolua ere landuko duzu saioetan.

Bai, galeraz hitz egingo dugu. Galera izan daiteke gertuko norbait falta izatea edo lanik gabe gelditzea. Bi kasuetan, prozesu berbera gauzatu behar da dolua lantzeko: gakoa da ez gelditzea harrapatuta mina edo amorrua bezalako emozioetan, eta hori eraldatzea. Hori oso garrantzitsua da.

Ziur asko, koronabirusak eragindako osasun larrialdiak agerian utzi du gizarteak ez gaituela emozioak kudeatzeko prestatu.

Hain zuzen ere. Ez digute irakatsi emozioak kudeatzen, eta osasun krisiak agerian utzi du hori. Gainera, giza balioak ere landu gabe ditugula ohartu gara: gauza materialak edukitzea dela garrantzitsuena irakatsi digute, eta ez dugu batere zaindu oreka pertsonala, ongizatea eta harremanen zaintza. Gizarteak ez du batere lehenetsi hori guztia, eta beharbada, lehentasunak aldatu behar dira.

Krisiak modu osasuntsuan gaindituz gero soilik izango dela pertsona bat erresilientea diozu. Zergatik?

Bai, hori da gakoa. Emozioetan harrapatuta gelditzeak edozein pertsona aurrera egin ezinda manten dezake denbora luzez, kulpa eta amorru sentipenetan trabatuta. Horrek berrasmatzeko gaitasuna galtzea dakar, eta ez du bizitzan aurrera egiten uzten. Horregatik, ondo kudeatu behar dira emozioak. Horrek zer esan nahi du? Krisi bat igarotzean gertatu dena ulertu behar dela, horrek emango diolako zentzua norbere bizitzari eta horrek laguntzen duelako aldaketak egiten. Horrek zerikusia du erresilientziarekin; gertatu dena ulertzea eta horri zentzua ematea ezinbestekoa da.