Koronabirusa Azpeitian

Eremu gorrian, eta indartsu gainera

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 22a, 12:48

Beste hamahiru positibo baieztatu dituzte herrian, astebetean 81, eta 716,16koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. Gaurtik itxita daude herriko sarrera-irteerak eta ostalaritza sektorea eta debekatuta daude taldean kirola egitea eta eskola kirola. Horrela jarraituko dute gutxienez otsailaren 2ra arte.

Datu oso txarrak utzi ditu asteak. Atzo beste hamairu positibo baieztatuta, 81 dira joan den ostiraletik herrian atzeman dituzten COVID-19 kasuak, eta ondorioz, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gorantz jarraitu du; 716,16koa da egun. Joan den ostiralean eremu horian zegoen herria, aspaldiko egoerarik onenean, 274,45ko intzidentzia tasarekin.

500eko langa gaindituta, gaurtik itxita daude herriko sarrera-irteerak; inork ezin du herritik irten eta herrira sartu, ez bada justifikatutako arrazoiengatik. Tabernak eta jatetxeak ere itxita daude, eta debeketuta taldean kirola egitea eta eskola kirola. Neurri horiek indarrean izango dira gutxienez otsailaren 2ra arte, eta orduan herria eta ostalaritza ireki eta kirol jardueretarako debekua altxatzeko aukerak ez dira handiak: datozen hamar egunotan gehienez hogei positibo baieztatu beharko lituzkete herrian. Urtarrilaren 31 bitarte 21 positibo edo gehiago atzemango balituzkete, Azpeitiak itxita jarraituko luke gutxienez otsailaren 5era arte.  

Azken egunotako bilakaerak kezka eragin du herritarren artean, eta kezkatuta dago udala ere. Atzo Nagore Alkorta alkateak adierazi zuenez, herriko osasun zentrora jo zuen informazio eske, foku edo agerraldi zehatzen bat detektatu ote duten galdezka, baina ezezkoa erantzun zioten. "Komentatu didate, beren ustez, Errege egunaren ondoriozko kopuruak izan daitezkeela, batetik; eta positibo gehiago agertuko direla oraindik, bestetik". Atzoko txostena argitaratu aurretik hitz egin zuen alkateak anbulatorioko arduradunekin eta harrezkero beste 31 positibo baieztatu dituzte herrian —hemezortzi atzo eta hamahiru gaur—.

Eskualdean, itxitako herri ugari

Eskualdean ere ezin esan egoera ona denik. Atzo, guztira, 34 positibo zenbatu zituzten; Azpeitiko hamahiruak eta beste 21. Azpeitiaz gain, Aizarnazabal, Orio, Zestoa eta Zumaia ere itxita daude.

Guztietan intzidentzia tasarik altuena Oriok du; 750,16koa. Atzo beste lau kasu izan zituzten han, eta astebetean 28 izan dira. Zumaian, berriz, apurka bada ere, beherantz doa intzidentzia tasa; 742,85koa du egun. Atzo beste hiru kasu baieztatu zituzten han, astebetean 26. Zestoan bi positibo atzeman zituzten atzo, astebetean 21, eta 590,65eko intzidentzia tasa dute. Aizarnazabalen, berriz, sei positibo zenbatu dituzte astebetean —atzo bat bera ere ez—, eta oraindik ere intzidentzia tasa oso altua duen arren, egoerak nabarmen egin du hobera azken egunotan

Azkoitian sei positibo atzeman zituzten atzo, astebetean 21, eta eremu laranjan dago, 383,88ko intzidentzia tasarekin. Pixkanaka-pixkanaka igotzen ari da han ere. Zarautzen, aldiz, txukunago dabiltz. Atzo sei positibo baieztatu zituzten, astebetean 30, baina eremu horian jarraitzen du, 218,44ko intzidentzia tasarekin.

Hego Euskal Herrian ia 1.500 positibo

Joan den larunbatetik, kutsatzeen goranzko joerak ez du etenik izan Hego Euskal Herrian. Birusaren transmisioaren gaineko informazioak egunero erakutsi du bilakaeraren makurtzea, eta, egun, azaro erdialdekoen parekoak dira eguneko positiboen datuak. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beste 1.444 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, guztira 16.623 proba eginda. Bezperako datuen aldean, kasuak nabarmen igo dira Nafarroan; egun bakarrean zenbatutako positiboek 300en langa gainditu dute han.

Lurraldez lurralde, Bizkaian 639 kasu zenbatu dituzte, Gipuzkoan 319, Nafarroan 305, eta Araban 174. Gainera, Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi duenez, Euskal Herritik kanpo bizi diren beste zazpi pertsonari atzeman diete birusa azken egunean.

Ospitaleen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du atzo 77 pertsona eraman zituztela erietxera gaitzaren sintomak larriagotuta. Gainera, Osakidetzak zehaztu du oraintxe bertan 501 lagun daudela gela arruntetan ospitaleratuta, eta 109 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du eman erietxeen gaineko informaziorik.