Administrarien lan poltsa osatzeko deialdia egin du Azpeitiko Udalak

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 22a, 12:03

Bi lan poltsa osatuko ditu: batetik, administrazio orokorrean jarduteko; eta bestetik, zenbakietan espezializatutako postuetarako. Eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) eta online aurkez daitezke, otsailaren 12a bitartean.

Administrarien bi lan poltsa osatzeko deialdia egin berri du Azpeitiko Udalak. Bi zerrenda osatuko ditu: alde batetik, administrazio orokorrean jarduteko; eta bestetik, zenbakietan espezializatutako postuetarako. Oposizio lehiaketa bidez osatuko ditu bi lan poltsak, eta zerrenda horietan sartzen diren herritarrengana joko du erakundean sortzen diren behin-behineko beharrei erantzuteko. 

Oposizio lehiaketan izena eman nahi duten herritarrek ezinbestekoa izango dute batxilergoko titulua, teknikoa edo baliokidea izatea, eta baita IVAPeko hirugarren hizkuntza eskakizuna izatea ere. 

Izena eman nahi duten herritarrek otsailaren 12ra arteko epea izango dute, Herritarren Arreta Zerbitzuan (astelehenetik ostiralera 07:30etik 14:30era eta ostegunetan 07:30etik 19:00etara) edo online, Azpeitiko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez. Eskaera orriarekin betetzearekin batera, tituluen kopiak (batxilergokoa zein hizkuntza eskakizunarena), NANaren fotokopia eta hizkuntza eskakizunaren titulua aurkeztu beharko dituzte.

Ikusi deialdiaren oinarriak.