Heriotzaz eta bizitzaz, bi urte

Mailo Oiarzabal 2021ko urt. 22a, 11:05
‘Los demas dias’ dokumentala (Carlos Agullo, 2017) emango dute Soreasun.

Azpeitiko Death Cafe saioek bigarren urteurrena bete zuten abenduan eta hori ospatzeko asmoz hainbat ekitaldi prestatu dute saioen sustatzaileek datozen asteetarako herrian bertan.

Heriotzaz hitz egitearen garrantzia eta beharra aldarrikatzeko hasi ziren Azpeitian Death Cafe saioak antolatzen Manex Beristain azpeitiarra eta Iñaki Arregi Izan (Elgoibar, Gipuzkoa, 1973). 2018ko abenduan egin zuten lehen saioa, eta harrezkero aurrez aurreko hamar bilkura eta beste hainbat ekintza ere egin dituzte. Lehen urteurrenaren omenez ez, baina bigarrena ospatzeko egitarau berezia antolatzea erabaki dute Azpeitiko Death Cafe saioen sustatzaileek, Almaur elkartearen babesean. “Hau bidaia bat izaten ari da. Bi urteko bidaia horretan, bihotzetik irteten zaizkigun gauzak antolatzen joan gara. Momentuaren eta sentitzen dugunaren arabera egiten ditugu gauzak”, azaldu du Izanek. “Oso eskertuta” daude saioen sustatzaileak orain arte bizitakoarekin, “bidaia horretan geu pertsonalki asko hazi garelako, eta taldeko jendearen parte hartzeak hasieratik gaur arte zer bilakaera izan duen ikustea bera oso aberasgarria izan delako”.

Lau hitzordu antolatu dituzte, urtarrilaren amaierarako eta otsailaren hasierarako. Pandemiaren eraginak egun horietarako zer ekarriko duen ezin jakin, baina momentuz “aurrera egitea” erabaki dute. Hil honen 28an, Dolubidetik bizitzara izeneko hitzaldia eskainiko du Izanek berak; Azoka Plazaren goiko aretoan izango da, 18:00etan. Otsailaren 2an, berriz, Azpeitiko Death Cafearen 11. saioa izango dena egingo dute Basazabal jauregian, hori ere 18:00etan hasita. Otsailaren 5ean, Carlos Agulloren Los demas dias dokumentalarekin zineforum saioa egingo dute Soreasu antzokian, 19:00etan; zainketa aringarrietan lan egiten du Agullok, Madrilen. Azkenik, Uztaro haurreskolako antolatzaileekin bat egin dute Death Cafekoek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amaren intxaurrak ikusizuna Azpeitian aurkezteko: otsailaren 6an, bi emanaldi egingo dituzte pailazoek Soreasun, 16:00etan eta 18:30ean, eta bietarako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.

Gainerako ekitaldietan parte hartu nahi dutenek aurrez hartu beharko dute tokia, 627 11 78 19 telefonora deituta edo Whatsapp bidez mezua idatzita.

Heriotza eta dolua, bizitza

Heriotza eta dolua bizitzaren parte dira. Prozesu mingarriak, bakoitzak bere erara edo ahal duen moduan biziko dituenak, baina “landu” beharrekoak, Izanek azpimarratzen duenez. Horren garrantziaz hitz egingo du, besteak beste, datorren astean emango duen hitzaldian.

“Dolua prozesu naturala dela ulertzea garrantzitsua da. Egia da min egiten duela, gauza asko ez direla barneratu errazak. Baina doluaren prozesua naturala dela ikusten dugunean, mina bideratzea erraztu egiten da”, dio elgoibartarrak.

Dolua, tristura, zerbait “txarra” dela pentsatzeak, aldiz, zaildu egiten du doluaren prozesua, “ukazioa bera dolu prozesuaren barruan dagoen zerbait” izan arren. Dolu laguntzan lan egiten du Izanek, eta badaki, sarri, “pertsona bat dolua pasatzen ari denean, bizitzari ezer positiborik ez” diola ikusten. “Dolubidea dena da, bai mina, bai bizitzarekin berriz konektatzen hastea”, dio. Dolua baztertzearen kalteak ere aipatu ditu Izanek: “‘Ni ondo nago’ esaten dutenek ez diote tartea uzten doluari, eta gero dator datorrena. Orkatila gaizki badaukazu, esan dezakezu ‘ez, ez, ondo nago’, baina orkatilak hor jarraituko du”. Dolubidean “bi aldeei” tartea egin behar zaiela uste du Izanek, “minari eta bizitzari”, eta bien arteko “oreka” litzateke prozesua ondo egitearen gakoa. Horrekin lotuta, “laguntza eskatzen jakitearen garrantzia” ere nabarmendu du.

Horietaz guztietaz sakonago ariko da Azoka Plazan emango duen hitzaldian.