Elkarrizketa

Koldo Aldalur: "Ofizioak irakatsi dit gauzak ez direla sekula guk uste bezalakoak"

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 31a, 12:00
Koldo Aldalur. (Alex Berasategi)

25 urtez ETBn kirol kazetari aritu ostean, Azpimarran eta Ahoz ahon egin ditu azken urteak Koldo Aldalurrek (Zumarraga, 1959). Aldakako ebakuntza bat tarteko, gaixo agiriarekin dago orain, eta patxadaz hitz egin du bere ibilbideaz eta beste hainbat kontuz 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian.

Mahai bat, eta bi aulki. Solasean hastean, ezin kazetariaren larrua erantzi. "Zer-nolako elkarrizketa nahi duzu? Elkarrizketa egiten hasterako galderaren erantzunak dakizkizunak, edo bestelako elkarrizketa bat?", galdetu dio Koldo Aldalurrek kazetariari. Kazetaria zer erantzun ez dakiela, rolak nahasten ari diren sentipenarekin. Dena den, biei gustatu zaie erantzunak ez jakitearen ideia hori, eta bigarren bide horren alde egin dute. Sorpresaz beteriko erantzunak, jostariak, eman ditu Aldalurrek, eta ez du ezer isildu. "Nahi duzuna jarri; ez dut prestigiorik galduko elkarrizketa honetan, ez daukat eta".

Azpeitian jaiotakoa al zara?

Ez, Zumarragan [Gipuzkoa] jaio nintzen, aitak han lan egiten zuelako, eta 1965ean etorri ginen Azpeitira bizitzera. Dena den, neure burua zumaiartzat dut; aita eta ama zumaiarrak dira, eta gaur egun Zumaian 46 lehengusu ditut. Nik beti brometan esaten dut Zumaiako trainerua ateratzen denetik ezkutatzen den arte –maiatzetik irail bukaerara– zumaiarra naizela, eta Azpeitiko festak hasten direnetik aurrera, azpeitiarra. Ez ote daukat ba eskubiderik nik nahi dudan lekukoa izateko! Kuriosoa da; izan ere, Zumarragakoa ez naiz inoiz. Ez daukat ezer zumarragarren kontra, baina ez naiz sentitzen hangoa.

Kazetaria zara ofizioz, baina aurretik, delineante ikasketak egin zenituen. Zergatik ez zenuen bide horretatik jarraitu?

Ni berez irakaslea naiz. 1980-81ean, Nafarroako AEK-ko liberatua izan nintzen. Korrikaren bigarren edizioan, ni izan nintzen Sakana guztiko liberatua, 21 urte baino ez nituela. Oso urte gogorrak izan ziren haiek. Altsasun bizi nintzen, eta guardia zibilak egoten ziren gure etxe azpian, gu beldurtzeko. Ondoren, Donostian euskaltegi bat eduki genuen, eta han aritzen nintzen irakasle. Era berean, Bergarako Unibertsitateko irakaslea izan nintzen bederatzi urtez; EGAko azterketak jarri eta zuzendu egiten genituen. Martuteneko Itzultzaile Eskolan ere aritu nintzen ikasten, eta, ondoren, 27 urterekin, Bilbora joan nintzen kazetaritza ikastera.

Zergatik kazetaritza?

Ikasketa horiek euskaraz egiteko aukera jarri zutelako. Uste dut gure taldea izan zela irakasgai guztiak euskaraz egin zituen aurrena. Oso talde jatorra elkartu ginen: Tono Bastida, Txetxu Urbieta, Xabier Azkoitia eta laurok elkarrekin ibiltzen ginen. Klasera joaten ginen astean behin edo. Gogoratzen naiz egun batean gutako bi joan ginela: Txetxu eta biok. Oker ez banaiz, asteazkena zen. Eta unibertsitatean, paper batean irakurri genuen: "Probak ETBrako eta Euskadi Irratiarako". Txetxuri esan nion: "Hi, Txetxu, zer egingo diagu, klasera joan edo proba hauek egin?". Eta probetara joan ginen, klasera ez joateagatik. Hurrengo astean, telefonoak jo zuen: Txetxu irratian hasi zen, eta ni ETBn. 1989ko uztailaren 1ean sartu ginen han, eta gaur arte. 31 urte eta erdi daramatzat ETBn, ia 32. Asteazken hartan kartela ikusi genuelako eta ez zitzaigulako klasea interesatzen gaude Txetxu irratian eta ni telebistan. Zer diren kasualitateak.

Nolako izaera behar du kazetariak?

Uste dut kazetaria izateko gauzek interesa sortu behar dizutela. Ni oso ikasle txarra nintzen txikitan. Beti gauza bat pentsatu izan dut: klase barruko ezer ez zitzaidan interesatzen, baina kanpoan zegoen dena bai. Eta kazetaritza asko erlazionatzen nuen kanpoko lanarekin: joan, ikusi, begiratu. Kazetariok klase batekoak gara; nik ezagutzen ditudan denak bai behintzat. Kazetariok daukagun gauzak jakiteko eta kontatzeko gogo hori gabe ez dago kazetaria izaterik, nire iritziz. Egongo dira liburutegi batean sartu eta sekulako datu pila ateratzen dituztenak, baina nik nahi nuen kazetaria izan ikasketak euskaraz zirelako eta lanbidea nire izateko erarekin bat zetorrelako. Gero zer izan den beste kontu bat da.

Ikasketak amaitu aurretik hasi zinen ETBn. Kirolen arloan egin al zenituen lehen urratsak?

Bai. Bazegoen programa bat gauez egiten zena eta Xabier Euzkitzek aurkezten zuena. Euzkitze da nire laguna, nire bikotea palaz, eta nahiz eta pentsaeraz ez garen oso antzekoak, asko estimatzen dudan pertsona. Eta kasualitatea: ni lanean hasi nintzen gaueko kirol saioaren aurkezlea bera zen. Xabierrek aholku bat eman zidan: "Hi Koldo, hik poliki hitz egin". Hori bakarrik esan zidan. Harekin hasi nintzen, eta kiroletan egin nituen 25 urte.

Gero, Azpimarra eta Ahoz aho saioetan aritu zara.

Lehenik, Azpimarran aritu nintzen, baina saio hura bukatu egin zen, Maddalen Iriarte politikara pasatu zelako. Gero, Ahoz ahon hasi nintzen. Kontua zera da: zerbait edo norbait izatetik ezer ez izatera pasatu nintzen. Izan ere, 25 urtez, kiroletan ardurak izan nituen: herri kiroletan egiten zen ia dena nire eskuetatik igarotzen zen, eta, gainera, ia 2.000 zuzeneko emankizun egin nituen; nolabait, herri kiroletako arduraduna ni nintzen. Horrez gain, pilotan Xabierri laguntzen nion, eta palari eta zesta puntari lotutako ia dena nik egiten nuen. Eta hori erabat aldatu zen saioz aldatu nintzenean. Zenbaki bihurtu nintzen; ETBn esandakoa egiten dugun kazetari mordo bat gaude, baina berdin-berdin du ni edo beste bat aritu horretan. Azpimarran eta Ahoz ahon lana egin dut eta orduak sartu ditut, baina etxera sentipen huts batekin etortzen naiz. Kazetarioi gustatzen zaigu albistearen lekura joan eta gaia lantzea, eta zerbait zaila egiten denean etxera ekartzen duzun poza ez dago diruarekin ordaintzerik. Eta kazetaritzan jende asko zenbaki bihurtuta dago; gainera, batzuek zenbaki izan nahi dute.

Zergatik?

Behin adin batera iritsiz gero, korrika irten 1766ko Matxinada kalean etxea erori delako? Bestea joan dadila, eta ekar dezala informazioa. Gogo hori behar da. Adin batetik aurrera, jendeak ez du motibazio hori.

(Alex Berasategi)

Aipatu duzu ETBn norbait izatetik zenbaki izatera igaro zinela. Aldaketa hori zuk nahi zenuelako gertatu al zen?

Ez. Ni kiroletan nengoen, oposizio bat egin zen, eta azterketa hartan beste batzuk nire aurretik gelditu ziren; beraz, nire postua haientzako zen. Dena den, enpresa ez zen konturatu nik aurretik beste oposizio batzuk gainditu nituela, nahiz eta plazarik ez nuen lortu. Horregatik, derrigor mugitu behar nuen kiroletatik, postua galdu nuelako, baina enpresan jarraitu behar nuen. Eta halaxe gertatu zen; mahai batetik bestera pasatu nintzen. Aldaketa horren aurrean, salatu egin nuen ETB, 25 urte eduki nindutelako langile finko egin gabe. Eta irabazi egin nuen epaiketa. Lau lagun ginen egoera horretan geundenak, eta kalte ordaina eman ziguten, baina enpresan jarraitu genuen lanean. Hori sinestezina da. Jendea hartzen zuten lanerako, ondoren bidali egiten zuten, eta inork ez zuen ezer egiten. Pentsatu genuen ikusi behar genuela zein zen errealitatea, legeak hori baimentzen al zuen. Legez, hiru urte lanean egindakoan enpresak erabaki egin behar du langileak enpresan jarraituko duen ala ez. Ezin dute jendea bizitza guztian aldi baterako langile gisa eduki.

Telebista kate publiko bat ausartu da horrelako zerbait egitera?

Bai. Nire ustea da telebista dela diru publikoarekin sustatutako sozietate anonimo bat. Enpresa publikoa da, baina sozietate anonimo baten barne funtzionamendua duela iruditzen zait; joko horretan aritzen da. Guk epaiketa irabazi eta gero, 60tik gora langileri egin zieten kontratu mugagabea, baina ez zituzten finko egin. Izan ere, finko egiteko oposizioak egin eta plaza eskuratu behar duzu. Beraz, egon zaitezke 40 urte kontratu mugagabearekin, plazarik eskuratu gabe. Azpijoko bat egin dute lehen egiten zuten gauza bera egiten jarraitzeko.

Gustura al zaude Ahoz ahon?

Eboluzio bat egon da kiroletan aritu nintzenetik gaur egunera, eta uste dut orain nire lekua Ahoz ahon dagoela. Ahoz aho dago hor arratsaldea bete egin behar delako; inoiz inork ez digu esan norbait elkarrizketatzeko edo ez elkarrizketatzeko, ezta gai bat gehiago edo gutxiago lantzeko ere. Arnaldo Otegi kartzelatik atera zenean bigarren elkarrizketa Ahoz ahon eman zuen, eta inork ez zigun esan ezer.

Hori ez da saio guztietan horrela izango, ezta?

Noski ezetz. Duela urte batzuk, 11:30 aldean iritsi zen albistea: emakume batek bere buruaz beste egin zuen, eta jakin genuen alokairua ordaindu ezin zuelako egin zuela salto. Aurrez, bankuarekin harremanetan jarri zen, une hartan alokairua ezin zuela ordaindu eta ume bat zuela esateko. Dena den, bankuak etxea kentzea erabaki zuen, eta horregatik egin zuen bere buruaz beste. Iritsi zen albistea ETBren erredakziora, eta gure ondoan zeuden albistegietakoak. Orduan nire lankidea zen Maddalen Iriarte, eta albistegietakoengana joan zen, galdezka: "Zer egin behar duzue albiste horrekin?". Haien erantzuna zera izan zen: "Oraindik ez dakigu, goikoekin hitz egin behar dugu". Goikoek erabaki behar zuten nola eman albiste hura, banku horrek ETBn publizitate asko jartzen zuelako. Hori niretzako oso gogorra da; nire pentsaeraren justu kontrakoa da. Kontatu zen albistea, baina goikoarekin hitz egin eta gero.

Beste hainbat hedabiderekin ere kolaboratu izan duzu; Argiarekin eta Uztarriarekin, esaterako.

Uztarria aldizkarian mendea hasi zenean hasi nintzen kolaboratzen, eta amaitu nuen etapa hura. Argia aldizkarian, berriz, hogei urte daramatzat idazten; duela gutxi idatzi dut azken artikulua.

Zeri buruz?

Gezurrari buruz. Gezurraren aldekoa naiz ni. Bada film bat: Ricky Gervaisen The Invention of Lying. Film horretan, denek egia esaten dute beti, pertsona bat konturatzen den arte zer inportantea den gezur txikiak esatea. Beti egia esango bagenu, ezinezkoa izango litzateke bizitzea, lankideekin borrokan pasatuko genuke egun guztia. Adibidez, nik zera esango nioke editoreari: "Zu EAJk jarri zaitu postu horretan". Baina horrela, denekin haserretuta emango genuke egun guztia. Gauza bat argi dago: ETBko zuzendaria agintean dagoen alderdi politikoak aukeratzen du. Zer seinale gehiago behar da? ETB beti egon da EAJren eskuetan. Zergatik? Banatzen duen informazioa oso inportantea delako.

Goenatxo II.arekin, Harri Handien Txapelketan. (Utzitakoa)

Kazetariak beti aritzen dira besteek egiten dituzten gauzez hitz egiten. Gustatzen al zaizu zutaz, zuk pentsatzen duzunaz, aritzea ere?

Argian eta Uztarrian iritzia eman izan dudanean, hustu egin naiz. Gaur egun, betetasun handia ematen dit Argian idazteak. Gustatzen zait iritzia ematea, baina ez zaizkit gustatzen intelektualak, artikuluak luzitzeko egiten dituen jende hori; lau termino eduki eta zailena jartzen duen jende hori. Gauza bat kontatzeko gogoa baduzu, pasatu paper batera eta kontatu, baina jende guztiak ulertzeko moduan.

Zer eman dizu kazetaritzak urte hauetan guztietan?

Gauzak ikusteko modu bat. Ofizioak irakatsi dit gauzak ez direla sekula guk uste dugun bezalakoak. Edozein dela ere gaia, kazetariak ez du inoiz joan behar han zer ari den gertatzen badakiela pentsatuta. Izan ere, egunero konturatzen zara hori ez dela horrela. Kritikotasun hori askotan oso kaltegarria izaten da. Gauzekin kritikoa izaten ikasteak abantailak baino arazo gehiago ekartzen ditu.

Zergatik?

Ez gara inoiz konformatzen isilik egotearekin, beti iruditzen zaigu beste zerbait esan behar dugula, eta hori txarra da. Beti ezin da izan kritikoa denarekin. Ofizio honetan ari garenak, gehienak, kritiko samarrak gara gauzekin. Eta konformista denak jai dauka ofizio honetan.

Etorkizunari begira jarriz, zenbat denbora gelditzen zaizu jubilatzeko?

Uste dut urte eta erdi barru-edo jubilatuko naizela. Orain, 61 urte eta erdi dauzkat.

Ordura arte, orain ari zaren arloan jarraituko al duzu?

Bai. Izan dut eskaintza bat: Artefaktua saioan lan egitera gonbidatu ninduten, baina ez didate uzten hara aldatzen. Esaten didate ederki nagoela Ahoz ahon eta hantxe egoteko. Egia esan, bost urte daramatzat egunero Bilbora joaten, eta nekatu egin naiz. Lanetik irtendakoan, askotan euritan egiten dut etxerako buelta, eta tristetu egiten nau bidaiak. Badakit jende askok nahiko lukeela ETBn lan egin, eta normala iruditzen zait; izan ere, ondo ordaintzen dute, jende ona dago eta giro jatorra. Baina niri esango balidate zubi bat margotzen pasatu behar dudala falta zaidan urte eta erdia, baietz esango nuke oraintxe bertan.

Euskadiko Sei Orduetan, Belodromoan. (Utzitakoa)

ETBri askotan leporatu izan zaio telebista kate pribatuekin lehiatzen saiatu izana. Zer iritzi duzu?

ETB1 egotea oso ideia txarra da; Andoni Egañak idatzi zuen behin hori, eta oso ados nago. ETB1 egoteak esan nahi du ETB2 dagoela. Eta ETBren indarrak une honetan ETB2 aldera doaz. Zergatik? Audientzia ematen duelako. Guk, euskaldunok, ez dugu Euskal Telebista ikusten. Azpeitian, telebisten artean, gehiena Tele5 eta Antena3 ikusten dira; albistegiak, berriz, ETB2koak. Azpeitian galdezka ibili naiz, eta ehun Diario Vascotik ez dira hogei Berria eta Gara saltzen –ez dakit Gara euskalduna den–. Zer etorkizun dauka euskarak? Euskal Telebistak noren kontra egin behar du borroka? Orokorrean, diru publikoa ez doa euskarara. Uste dut ETB2k ez lukeela existitu behar. Orain, ETB2ko saioetan euskara gehiago sartu behar omen dute. Eman ogi koxkor bat eta denok gustura. Nik kendu egingo nuke. Ezkorra naiz, arlo horri begira.

Ez al diozu euskarari etorkizun handirik ikusten?

Azpeitiar asko harro daude gure herrian euskara indartsu mantentzen delako, baina meritu gabeko kontua da hori. Zer meritu dugu Azpeitian jaio eta euskaldunak garelako? Galdetu euskaldun berriei zer den hizkuntza bat ikastea; horiek daukate meritua, ez guk. Hiromi Yoshida japoniarrak hogei urte daramatza gure etxera etortzen, eta oso kezkatuta dago urteotan hitanoa nola galtzen ari den ikusita. Zergatik galdu da emakumeena eta ez gizonena? Zergatik emakumeari gizonei bezala hitz egin? Zergatik da emakumea beti galtzaile? Hizkuntzak berak erakusten du. Hiromik ikusi du duela hogei urte hitanoa hobeto eta gehiago erabiltzen zela. Hitanoa galtzera doa, eta gu hemen gaudela, gainera.

Aipatu duzu kazetariak kuriositate handiko pertsonak izan ohi direla. Zu orain gaixo agiriarekin zaude, eta deskonektatu al duzu batere?

Gauza kurioso bat gertatu zait: azkenaldian asko interesatzen zaizkidan gauzak bakarrik interesatzen zaizkit. Hau da, goizean jaiki eta Uztarria irakurtzen dut; benetako gogoarekin irakurtzen ditut hemengo kontuak. Bestalde, AEBetako hauteskundeak asko jarraitu ditut; hauteskunde gaua lorik egin gabe pasatu nuen. COVID-19az ere asko irakurri dut. Interesa piztu didate gertuko gauza txikiek eta oso handiek; tarteko beste dena ez zait batere interesatu.

Kazetaritzari lotuta, inoiz ahaztuko ez duzun unerik?

Isla Reunionera joan nintzen behin lanera, eta han geundela, taberna nafar bat zegoela esan zidaten. Hara joan ginen afaltzera. Sartu nintzen tabernara, eta Argalaren argazkia ikusi nuen paretan, Pantxoa eta Peioren musika entzun zitekeen, eta telebistan ni ageri nintzen, zesta puntako emankizun bat egiten.

Gustura kontatuko zenukeen albiste bat?

Garai honetan, jakina, txertoak funtzionatzen duela. Horrez gain, kontatuko nuke minbiziaren kontrako tratamenduek funtzionatzen dutela, emakumeen borroka aurrera doala eta lehendakaria emakumea dela. Era berean, nahiko nuke jakinarazi nire lankideek euskaraz hitz egiten dutela beraien artean; hau da, lortu dugula euskaldunek euskaldunekin euskaraz hitz egitea. Pentsa zer puntutaraino iritsi garen.