Elkarrizketa

Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu: "Oso zaila izan da jasotako aniztasun guztia sintetizatzea"

Maialen Etxaniz 2021ko urt. 27a, 08:15
Enara Eizagirre (aurrean) eta Edurne Urrestarazu, ikerketa aurkeztu zutenean. (Uema)

Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerlana egin eta aurkeztu berri dute Enara Eizagirrek (Azpeitia, 1993) eta Edurne Urrestarazuk (Idiazabal, Gipuzkoa, 1993). Ikerketaren mamia eta atera dituzten ondorio nagusiak izan dituzte hizpide 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian.

Zer dela-eta ikertu duzue gai hori?

Hizkuntzarekiko, eta batez ere euskararekiko, sentsibilizazio berezia dugu biok. Enara aurretik antzeko ildoa zuen lan bat egindakoa zen, eta berak proposatu zuen gaia. Gaurkotasun handiko gaia dela iruditzen zaigu, eta gure ingurunean ezagutzen genituen duela urte gutxi etorritako pertsonak eta euskara ikasi ez dutenak. Kuriositatea bagenuen, eta lan hau profil horretako pertsonengana gerturatzeko abagune polita izan zitekeela iruditu zitzaigun. Gainera, udalerri euskaldunak erdaldunen perspektibatik ezagutzea ere interesgarria izango zela pentsatu genuen eta bagenekien gustura egingo genuen lana izango zela.

Ikerlanean honako hau aztertu duzue: 2005az geroztik udalerri euskaldunetara iritsi diren eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diren herritar erdaldunek euskararekin duten harremana. Baina zer da zehazki ikertu duzuena?

Euskararen erabilera handia duten herrietan zentratu dugu lana, zeinetan azken urteetan migrazio mugimendu esanguratsuak izan diren. Ingurune oso euskaldunak dira, baina badira euskaraz hitz egiten ez dakiten herritarrak ere. Gure kasuan, ikergaia Euskal Herritik kanpo jaiotako herritar erdaldunetara mugatu dugu. Ikerketako partaideak Euskal Herritik kanpo jaiotakoak izango zirela adostu genuen, hona iritsi ostean euskararekin izan duten harremana aztertzeko; elkarrizketatu batzuek euskal jatorria zuten eta bazekizkiten euskarazko hitz batzuk. Partaideak erdaldunak izango zirela adostu bagenuen ere, horrek buruhauste batzuk eragin dizkigu gero, erdaldun kategoriaren atzean errealitate ugari aurkitu daitezkeelako. Dena den, nahiz eta askok euskaraz hitz batzuk esaten jakin edo hitz batzuk ulertu, ikerketa egin genuenean ez ziren euskarazko oinarrizko elkarrizketa bat izateko gai.

Erabiltzen dituzten hizkuntzei buruz galdetzeko, beren eguneroko bizimodua nolakoa den jakitea beharrezkotzat jo dugu. Horregatik, beren harreman sareez, lanbideez, ikasketez edota aisialdiaz galdetu diegu, hizkuntzak testuinguru horietan kokatzeko eta euskararekin dituzten bizipenak ulertzeko.

Nork parte hartu du ikerketan? Zergatik profil horietako pertsonak?

Gutxi gorabehera hogei elkarrizketa egingo genituela aurreikusi genuen proiektua aurkeztu genuenean. Horietatik batzuk adituei egingo genizkien, lanaren oinarri teorikoa eraikitzeko, eta gainontzekoak gure ikerketaren zutabe izango ziren herritarrei. Behin herriak aukeratuta, horietako datuen ustiaketa egin genuen, migrazio mugimenduak aztertuta, herri bakoitzean zein herrialdetako pertsonak ziren ordezkagarrienak ikusita eta sexuari erreparatuta. Gainera, garrantzia eman diogu gaztelania hizkuntza ofiziala den herrialde batetik datozen edo ez jakiteari, horrek bizipenetan eragina izango duelakoan. Hala, elkarrizketatu nahi genituen herritarren profilak aukeratu genituen, eta udalerrietako teknikariekin harremanetan jartzean, profil horiei buruz galdetu genien. Kasu guztietan ez da posible izan, baina orokorrean, esan dezakegu elkarrizketatu nahi genituen profilak aurkitu ditugula. Munduko hamar herrialdetako hemeretzi herritar elkarrizketatu ditugu denera; hamabi emakume eta zazpi gizon.

Hamahiru herritan egin duzue ikerketa, eta horietan "migrazio mugimendu esanguratsua" egon izana da horiek aukeratzeko arrazoietako bat. Azpeitiari dagokionez, nolako migrazio mugimendua egon da?

Migrazio proiektu indibidualak testuinguru zehatzetan eta inguruarekin harremanetan gertatzen dira. Pertsona bat lekualdatzen denean, sarritan, bere atzetik beste hainbat lagun etortzen dira –familiako kideak, adiskideak, ezagunak...–, eta migrazio sareak sortzen dira. Izan ere, ezagunen bat duzun leku batera joatea zerotik hastea baino errazagoa da, pertsona horrek lehenengo pausoak ematen lagun baitiezazuke: lana bilatzen, lotarako lekua aurkitzen... Euskal Herrian, leku batzuetan jatorri jakin batzuen pisua handiagoa da. Azpeitian eta inguruan, esaterako, pakistandarrek pisu berezia daukate.

Zein dira migratzaileek euskararekin duten harremanean eragin handiena duten aldagaiak?

Aldagai ugari daude, eta esperientzia bakoitzean sortzen den konbinazioa desberdina da. Pertsona bakoitzak hizkuntzekiko eta euskararekiko sortzen duen harremana bere bizitzako esperientzian zehar izandako gertakari guztiek baldintzatzen dute. Edonola ere, elkarrizketetan parte hartu duten pertsonen bizipenak kontuan hartuta, aldagai batzuk lagungarriagoak izan zaizkigu euskararekiko sortutako harremana eta jarrera azaltzeko. Esanguratsuak iruditu zaizkigun elementuek pertsona horiek eraikitzen ari diren bizitza proiektuarekin dute lotura: haurrak dituzten ala ez, lan eremuan aldaketaren bat lortzeko baliabide interesgarritzat ikusten duten euskara edo ez, harreman sarerik eraiki duten euskaraz hitz egiten duen jendearekin edo ez, beren burua hemen irudikatzen duten etorkizun batean edo ez...

Ikerketaren aurkezpenean aipatu zenuten erdaldunek "errealitate anitza" dutela. Zer esan nahi du horrek?

Kanpotik Euskal Herrira datozen ia per tsona guztiak erdaldunak dira hasierako etapan: pixkanaka, batzuk euskalduntzen joaten dira, eta besteak, ez hainbeste; eta bakoitzaren erritmoa ere ezberdina izaten da. Guk erdaldunen esperientziak jaso nahi genituen, iritsi berriak izan edo denbora bat eman hemen. Euskara nola ikusten duten ulertu nahi genuen, nola kokatzen diren bizi diren herrietan, zer harreman sortzen dituzten, zein den euskararekiko daukaten posizioa, euskara ikasteko interesik ba al duten eta beren beharrak asetuta dauden edo hutsuneren bat identifikatzen ote duten. Hizkuntzaren aldagaia albo batera utzita –eta, era berean, horrekin estuki lotuta–, errealitate oso anitzak bizi dituzte pertsona horiek arlo materialean, ekonomikoan eta administratiboan, eta hainbaten bizitza prekarietateak eta zaurgarritasunak markatuta dago. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu hizkuntza bat ikasteak denbora eta esfortzu handia eskatzen duela. Hizkuntza ezin da testuinguru sozial zabalagoan gertatzen diren dinamiketatik isolatuta ulertu.

Zein dira ikerketatik atera dituzuen ondorio nagusiak?

Oso zaila izan da jasotako aniztasun guztia sintetizatzea. Hala ere, ideia bat egiteko, saiatu gara jasotako istorio guztiak modu koherente batean taldekatzen. Ikerketan parte hartu duten pertsonen esperientziak, euskararen erabilera altua den udalerrietan kokatuak, hiru talde handitan bana ditzakegula iruditu zaigu, euskararekiko gertutasunaren arabera. Batetik, pertsona batzuk urrun daudela iruditu zaigu: ez dute harreman sare trinkorik eraiki euskaraz hitz egiten duten herritarrekin, seme-alabarik ez dute euskarazko hezkuntza sisteman ikasten eta etorkizunean ez dira herri berean irudikatzen edo ez dute argi. Beste puntan euskara ikasteko interes aktiboa duten pertsona batzuk ikusi ditugu, harreman sareak badituztenak euskaraz bizi diren per tsonekin, lanari begira bestelako aukerak bilatzeko euskara interesgarri ikusten dutenak eta etorkizunean beren burua herri horietan irudikatzen dutenak. Horietako batzuk euskara ikasten ari dira gaur egun, baina deigarria da ikustea euskara ikasi nahi duten pertsona horietako beste batzuek ez dutela beren egoerara egokitzen den eskaintzarik aurkitu, ezta aldeko testuingurua dagoen herri horietan ere. Azkenik, beste pertsona batzuek identifikatuak dituzte euskara jakiteak eskainiko lizkiekeen onura zehatzak, baina gustura edo asebeteta daude gaur egungo egoerarekin eta ez dute etorkizun hurbil batean ikasten hasteko intentziorik. Era berean, interesgarria izan da pertsona bakoitzak bere posizioa denboran zehar nola aldatu duen ikustea, bai euskarara gerturatuz, baita urrunduz ere.

Ikerketan atera al duzue bereziki harritu zaituzten ondoriorik?

Gure hasierako galderetan planteatzen genuen gaztelania edo beste hizkuntza bat lehena izanda, gaztelania gerora ikasteak euskararekiko gertutasunean eragingo ote zuen. Elkarrizketatu ditugun pertsonen kasuan, baina, bestelako aldagai batzuk argigarriagoak izan zaizkigu euskararekiko jarrera azaltzeko: lehen esanda bezala, bizitza proiektuarekin, sortutako harreman sareekin eta etorkizunera begirako asmoekin lotuak, eta ez hainbeste ezaugarri soziolinguistikoekin.

Bestalde, hizkuntza gutxituren baten ezagutza zuen jendearen kasuan, deigarria egin zaigu beren aurreko esperientziek euskararekiko duten jarreran eragina izan dutela. Horrez gain, euskararen errealitatea ezagutzeak (egoera, jendearentzat duen garrantzia, sentsibilizazioa...) aurrez ezagutzen zituzten hizkuntzekiko gogoeta egitea ere ekarri du batzuetan.