Munduko alpinista eta eskalatzaile "onenetarikoak" ekarriko ditu Lagun Onak MBk Azpeitira

Andoni Elduaien 2021ko urt. 15a, 17:19
Adam Ondra izango da hizlarietako bat. (Argazkia: Oxigeno aldizkaria)

Mendiko Ahotsak emanaldi zikloa antolatu du 2021. urterako mendi bazkunak. Alpinisten eta eskalatzaileen solasaldiak hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean izango dira, Sanagustin kulturgunean edo Soreasu antzokian.

Lagun Onak Mendi Bazkunak 2021. urtean zehar egingo duen Mendiko Ahotsak emanaldi zikloa aurkeztu du gaur. Hain zuzen ere, emanaldi horiek izango dira bazkunaren 75. urtemugarako programan jasotako ekintza nagusienetakoa. Zikloaren testuinguruan, munduko alpinista eta eskalatzaile "onenetarikoak" ekarriko ditu Lagun Onakek Azpeitira, beren ibilbideak eta bizipenak aurkeztera. Horiekin batera, herriko zein Euskal Herriko eskalatzaileak eta abenturazaleak, bidaiariak, ur-amiletako kayakistak, himalaistak zein mendi lasterketetako korrikalariak ere Azpeitian izango dira. Mendizale taldeak "programa orekatua" osatu duela azaldu du, "gertuko zein nazioarteko hizlariak uztartzen" dituena.

Hilero hitzaldi bat eskaintzea da mendi bazkunaren asmoa, eta emanaldi guztiak hileko hirugarren ostegunean, 19:00etan, egitea aurreikusten du; Sanagustin kulturgunean edo Soreasu antzokian egingo dituzte saioak –mendi bazkunak hilabete bakoitzeko emanaldiaren deialdian zehaztuko du hitzaldi bakoitza non izango den–. Lehen saioa datorren ostegunean, urtarrilak 21, izango da, baina Lagun Onakek datozen egunetarako utzi ditu xehetasun guztiak.

11 hizlari lotuta

Hitzaldi zikloan parte hartuko duten protagonistak zein diren ere jakinarazi du Lagun Onakek. Guztira, 11 gizon-emakumeren solasaldiak ditu hitzartuta gaur-gaurkoz mendi bazkunak. Horien artean atzerriko alpinistak eta eskalatzaileak daude; tartean dira Denis Urubko errusiarra, Adam Ondra txekiarra, Jesus Calleja espainiarra eta Wojciech Kurtyka poloniarra.

Atzerritarrez gain, ordea, Euskal Herriko hizlariek ere parte hartuko dute Mendiko Ahotsak ekimenean. Ainhoa Lendinez mendi lasterkari elgoibartarra, Gorka Karapeto eskalatzaile azpeitiarra, Josema Casimiro alpinista iruindarra, Mamen Etxaniz bidaiari eta abenturazale azpeitiarra, Josu Iztueta bidaiari tolosarra, Mikel Sarasola ur-amiletako kayakista donostiarra eta Joxe Luis Eizagirre mendizale eta bidaiari azkoitiarra izango dira solasaldietako beste protagonistetako batzuk.

Sarrerak Kulturazen

Emanaldiak zuzenean jarraitu ahal izateko, sarrerak aurrez eskuratu beharko dira Kulturaz kooperatibaren webgunean. Egungo osasun egoeragatik emanaldiek edukiera mugatua izango dutela azaldu du Lagun Onakek, eta gainera, "beharrezkoak" diren neurri guztiak "aplikagarriak" izango direla adierazi du, hala nola musukoak edota segurtasun distantzia. Emanaldi zikloa bera ere "momentuan momentuko osasun egoerara egokitzen" joango direla iragarri du mendi bazkunak.

Mendiko Ahotsak egitasmorako antolatutako hitzaldi zikloaz gain, bestelako emanaldiak eta hitzaldiak antolatzea ere aurreikusten duela adierazi du Lagun Onakek.