"Gero eta pobrezia handiagoa izango dugu, eta askatasun gutxiago"

'Berria' egunkaria 2021ko urt. 18a, 08:15
Ane Ibarzabal eta Unai Martinez artxiboko irudi batean. (Berria)

Harrabotsa sortu zuen Gazte Koordinakunde Sozialistaren sorrerak orain bi urte: terminologia konplexua, klase ikuspegiaren beharrezkotasuna, nazio eraikuntzaren bestelako adiera bat... Bi urteren ostean lanean segitzen dute; lehen, 2008ko krisiaren ondorioei begira; orain, hori atzean utzi gabe, pandemiak eragindako askotariko krisia jomugan dutela. Unai Martinez (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996) eta Ane Ibarzabal (Kanala, Bizkaia, 1994) kideek azaldu dituzte taldearen nondik norakoak, Berria-n.

Bi urte bete berri dira GKS jendaurrean aurkeztu zenetik. Nolako bilakaera izan du?

Unai Martinez: Oso balorazio positiboa egiten dugu. Bi frontetan egin dugu lan: batetik, Euskal Herrian sozialismoaren aldeko mugimendua sendotzen, uste dugulako beharrezkoa dela langileriaren independentzia antolatzailea indartzea. Bestetik, gazteen arazoei erantzuteko baliabide eta gaitasunak lortzen saiatu gara. Horretarako egin ditugu mintegiak, lanegunak, topaguneak... Antolakuntzari dagokionez, hedatuz joan gara, eta militante kopurua ere handitu da.

Ipar Euskal Herrian ere bazaudete. Nazio ikuspegia hor da?

Ane Ibarzabal: Bai, antolakuntza lanetan aritu gara Ipar zein Hego Euskal Herrian, baldintzak sortzen joateko sozialismoaren aldeko mugimendua eraiki ahal izateko, testuinguruaren arabera egokituz. Nazio eraikuntzaren barruan lan hori ere sartzen dugu. Lurralde historiko diferenteetara egokitzea, eta ikuspegi sozialistatik proposamen politikoak egitea bertan gorpuzteko.

Bi urteotan abiarazi dituzue hainbat lanketa. Udazkenean, koronabirusaren ondorioak salatzeko, kalea hartu zenuten.

A.I.: Konfinamendua hasi eta bi astera abiarazi genuen kanpaina bat, eta ordutik ari gara aldarrikatzen kontu bat dela birusa eta beste bat kudeaketa. Hor dago eztabaida. Garrantzia ematen diogu osasun larrialdiari, eta saiatzen gara neurri horiek betetzen, baina nola kudeatu, hori da eztabaida. Osasun larrialdiari eman zaion aterabidea Poliziaren aterabidea da, kalitatezkoa eta unibertsala den osasungintza bat babestu beharrean.

U.M.: Gainera, aurretik zegoen joera bat indartu da: oligarkia finantzarioak indar handia du, salbuespen egoeretan erabakiak hartzeko konpetentziak zentralizatu egiten dira, eta, egun, instituzioetan dauden alderdiek ez dute oligarkia finantzario horri aurre egiteko nahikoa gaitasun. Horregatik, eta ikusita krisi ekonomiko handia datorrela, erabaki genuen dinamika bat martxan jartzea. Jendeak erantzun zuen: astero 2.000 lagun bildu ginen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus-en.