Eider Alkorta: "Gizarte langileen higadura emozionala izugarria da"

'Berria' egunkaria 2021ko urt. 16a, 10:08
Eider Alkorta artxiboko irudi batean.

Eider Alkorta politologoa (Azpeitia, 1978) EHUk beste lau unibertsitaterekin egin duen ikerketaren egileetako bat da: Gizarte zerbitzuak eta pandemia: eskaera eta erronka gehiago konplexutasunean. Pandemiak gizarte zerbitzuetan zer eragin izan duen aztertu dute, eta ondorioztatu dute eskaerek gora egin dutela nabarmen. Berria-k elkarrizketa egin dio azpeitiarrari.

Ikerketan ondorioztatu duzue gizarte zerbitzuetako egoerak okerrera egin duela. Nolakoa da, bada, orain errealitatea?

Orain arte egin ditugun elkarrizketetan ondorio nagusia izan da, ohiko erabiltzaileek hor jarraitzen dutela, noski, baina soslai berri batzuk ere azaldu direla: egoera prekarioan dagoen jendea, ostalaritzako langileak edo negozio txikiak itxi dituztenak, aldi baterako lan erregulazioan daudenak, etxeko langileak, eta kontraturik gabe lan egiten duten emakumeak eta atzerritarrak. Uste dut, izan daitekeela erabiltzaile mota bat lehen gizarte zerbitzuetara jotzeak lotsa ematen ziona, eta orain egoerak behartuta joan dena.

Hain zuzen ere, jendeak gizarte zerbitzuetara jotzeko zuen lotsa gainditu duela nabarmendu duzue alde positiboen artean. Estigma kentzen lagunduko du krisi egoerak?

Bai, nik uste dut hasiera dela hau. Egia da lekuaren araberakoa dela hori ere. Izan ere, gizarte langileek esaten dute zaila dela beharrean dagoen jendea detektatzea; badago jendea etxean oso gaizki pasatzen ari dena eta zerbitzuetara jotzen ez duena. Eta ez diot bakarrik ekonomikoki; buruko osasuneko arazoak dituztenak ere badaude. Baina, era berean, badago jendea lehen aldiz joan dena gizarte zerbitzuetara, eta hori positibotzat jo dute langileek. Gure kasuan, adibidez, Osakidetzara joateko arazorik ez dugu, baina gizarte zerbitzuak oraindik oso estigmatizatuta daude. Laguntza behar dugula onartzeko lotsa dugu. Osasuna eta hezkuntzaren beharra onartu eta aldarrikatzen dugu, baina gizarte zerbitzuak zer? Horiek ere beharrezkoak dira. Orain, beharragatik, jendea joaten da, eta zabaldu da pixka bat beren lana, eta hori azpimarratzen zuten langileek.

Ikerketa hiri zein landa eremuan egin duzue. Sumatu duzue desberdintasunik bien artean?

Nik elkarrizketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin ditut, eta izan dudan inpresioa da herri txikietan hobeto edo errazago lortu dutela jendearekin harremanetan jartzea eta jarraipena izatea; eta, era berean, hiri handietan konplexuagoa izan da harreman hori. Dena den, kokapenaren oso araberakoa izan da; arazo komunak badaude, baina gizarte zerbitzuen kokapenaren arabera desberdinak dira. Orokorrenak larrialdikoak deritzenak dira; elikadura, argia, alokairua eta beste.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.