Bizitzari Keinu Bat dinamikaren bigarrengo saioa egingo dute urtarrilaren 21ean

Maialen Etxaniz 2021ko urt. 13a, 10:27

Bizitzari buruz hitz egiteko bigarrengo saioa antolatu dute hilaren 21erako. Sindikatu Zaharrean jarri dute hitzordua 18:00etan. Saioak bi orduko iraupena izango du, eta bertan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Abenduan eskaini zuten aurreneko saioa, eta "berezia bezain polita" izan zela diote antolatzaileek.

Bizitzaren inguruan hitz egiteko, Bizitzari Keinu Bat dinamikaren bigarrengo saioa eskainiko dute urtarrilaren 21ean Sindikatu Zaharrean, 18:00etatik 20:00etara. 

Death Cafea antolatzen duten lantaldearen ekimenez jarri dute martxan Bizitzari Keinu Bat egitasmoa, eta abenduan egin zuten aurreneko saioa. Manex Beristain da antolatzaileetako bat, eta hark azaldu duenez, aurreneko saioa "oso berezia" izan zen. "Martxan jarri duguna gauzak eta bizipenak elkarbanatzeko espazioa da, Death Cafe bezala, baina ez dauka harekin zerikusirik, beste dinamika batzuk lantzen baititugu. Bizitza eta norberaren kontzientzia daude erdigunean uneoro; kontzientzia lortzea eta eraldatzea, hain zuzen. Lehen saioa oso polita izan zen. Beste ikuspegi bat eta espazio berri bat zabaltzen ari gara", adierazi du Beristainek. 

Bizitzari Keinu Bat egitasmoaren bigarrengo saioan parte hartzeko izena aurrez eman behar da, 635 75 39 85 (Manex) telefono zenbakira deituta edo idatzita.