Koronabirusa Azpeitian

400dik jaitsi da Azpeitiko intzidentzia tasa

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 7a, 14:22

Azken bi egunetan hiru positibo baieztatu dituzte herrian —herenegun bi eta atzo bat—, eta abenduaren 9tik lehendabiziko aldiz 400 baino txikiagoa da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa. Eskualdean 63 positibo zenbat dituzten azken bi egunotan; gehienak Zumaian eta Zarautzen.

Koronabirusaren bilakaerari buruzko azken bi egunotako datuak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta Azpeitiakoak nahiko txukunak dira. Hiru positibo baieztatu dituzte herrian: herenegun bi eta atzo bat. Ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak behera egin du, eta abenduaren 9tik lehendabiziko aldiz 400dik beherakoa da: 394,22koa zehazki.

Eskualdean, berriz, 63 kasu baieztatu dituzte azken bi egunotan; gehienak Zumaian eta Zarautzen. Hain zuzen ere, bi egunean 23 atzeman dituzte Zumaian — hemezortzi herenegun eta bost atzo—, eta 43 izan dira azken zazpi egunetan 43 izan dituztenak. Hori horrela, intzidentzia tasa 478,27ra igo da; horitik laranjara pasa da, eta laranja gorri kutsua hartzen ere hasi da.

Zarauzko semaforoa hori kolorean mantentzen da oraingoz, nahiz eta azken bi egunetan hogei positibo izan dituzten: hamarna asteartean eta asteazkenean. 37 positibo izan dituzte herrian zazpi eguneko epean. Kasu metatuen tasa 261,28koa da han.

Aizarnazabalen gaur hasi dute baheketa. Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste zazpi kasu izan dituzte azken bi egunetan –sei herenegun eta bat atzo–. Kasu metatuen tasak gora egin du: 6.762,03 da.

Azpeitiko hiru positiboez gain, Azkoitian bost zenbatu dituzte azken bi egunotan; Orion lau, eta Getarian bat. Aian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez dute kasurik izan.

Olatuak ez du baretzeko itxurarik Hego Euskal Herrian ere. 640 positibo zenbatu zituzten Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun zerbitzuek atzo. 73 kasu izan ziren Araban, 131 Gipuzkoan, 139 Nafarroan eta 290 Bizkaian. 

Ospitaleratutakoei dagokionez, 33 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. ZIUn, berriz, 72 pertsona zeuden atzo.