Udalak hainbat neurri hartu ditu elurrak eta izotzak sor ditzaketen arazoak saihesteko

Anartz Izagirre 2021ko urt. 7a, 12:58
Udaleko langileak errepidean gatza botatzen. (Azpeitiko Udala)

Eguraldiak ezohiko irudiak utzi ditu azken egunotan herrian, eta udalak baserri bideak garbitzeari eta errepidean gatza botatzeari ekin dio. Herritarrei arretaz jokatzeko eskatu die erakundeak.

Elurrak eta izotzak irudi politak utzi badituzte ere, arriskutsua izan daiteke zenbait unetan, eta Azpeitiko Udalak zenbait neurri hartu ditu eguraldiak eragin ditzakeen arriskuak saihesteko. Lehen elur malutak jausi zirenetik protokolo bat jarri zuen martxan erakundeak, eta, besteak beste, baserri bideak garbitzeari ekin zion. Gaur, osteguna, izotza eta hotza nagusitu dira herriko zenbait txokotan, eta datozen egunetan ere tenperatura baxuak espero dira herrian. Hori dela eta, errepidean gatza botatzen ibili dira udaleko langileak. 

Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Zerbitzu Orokorretako zinegotziak arretaz ibiltzeko eskatu die herritarrei: "Eguraldiak egoera arriskutsuak sor ditzake datozen egunotan. Horregatik, herritarrei arretaz jokatzeko eskatu nahi diegu. Udalak egoerari aurre egiteko protokoloa ezarrita du, eta baliabideak jarri ditu egoerari aurre egiteko. Hori dela eta, herritarrei pazientzia izateko eskatu nahi diegu, herriko txoko guztietara aldi berean iristea ezinezkoa delako".

Bestalde, egunotako eguraldiak eragindako edozein arazoren aurrean Udaltzaingora dei daitekeela (943-15 13 13) gogorarazi du udalak.