Jagoba Labaka: "Halako txapelketa bat irabazteak aurrera segitzeko ilusioa pizten du"

Julene Frantzesena 2021ko urt. 6a, 15:51
Labaka larunbatean jokatu zuen finalean.

Erremonteko Binakako Txapelketako debuta ez da nolanahikoa izan Jagoba Labakarentzat (Azpeitia, 1991): Urriza bikote zuela, txapelketa irabazi zuen joan zen larunbatean. Txapelketan egindako lanarekin gustura da azpeitiarra.

Binakako lehen txapelketa, eta txapela. Gustura al zaude egindako lanarekin?

Lehen aldiz sartu naiz txapelketan, eta hori bera ja sari bat izan da niretzat. Txapela irabazita, berriz, are gusturago nago.

Txapelketan aritzerik ez al zenuen espero?

Atzelaririk onenak sartzen dituzte txapelketan, eta bi pilotari zalantzan geunden. Elkarren aurka partida bat jokatu genuen, txapelketaren aurreko moduan, eta irabazi egin nuenez, ni sartu ninduten txapelketan.

Gauzatu duzuen txapelketaz zer balorazio egiten duzu?

Ona. Ligaxkan partida bat galdu genuen, justu Joxinen [Aizpuru III.a] eta Ansaren kontrakoa. Handik aurrerako neurketa guztiak ere irabazi egin genituen, eta egia esan, oso gustura nago bai nire buruarekin, bai egindako lanarekin.

Urriza izan zenuen bikote, txapelketetan ondo zaildutako jokalaria. Zer moduz moldatu zarete?

Oso ondo. Urriza oso ona da pilotan, eta zorte handia da harekin jokatzeko aukera izatzea; izan ere, asko laguntzen du. Gainera, Urrizarekin oso harreman ona dut, oso ondo konpontzen gara, eta txapelketan asko animatu nau. Oso gustura nago.

Aise irabazi zenuten finala. Ligaxkako arantza kentzeko balio izan al dizue?

Ligaxkan oso partida ona jokatu genuen, baina ezin izan genuen irabazi. Finalean, berriz, aurretik hasi ginen, eta alde horrek lasai jokatzen lagundu zigun. Aurkariak pixka bat hurbildu ziren markagailuan, baina irabaztea lortu genuen.

Txapela Azpeitira etorriko zela aski jakina zen. Espero al zenuen, baina, zuk janztea?

Aukerak ikusten nituen, baina banekien aurkariak oso arriskutsuak zirela, batez ere Joxin oso puntu onean zegoelako. Ansak eta biek bat eginda jokatu zuten txapelketa guztian, partida guztiak irabazi zituzten, baina aukerak bagenituen, eta guretzat izan da txapela.

Zertan asmatu zenuten?

Partida hasieratik indartsu hastearekin. Partidan sartuta izan ginen hasieratik, eta aurkariek, beharbada, ez zuten asmatu horretan: finala, urduritasuna... Urrizari alde pixka bat emanez gero, oso zaila da tantoa egitea, eta beraz, hasiera izan zen gakoa.

Finala, baina ikuslerik gabe. Zaleen beroa faltan sumatu al zenuen?

Bai. Finalera iritsi eta lagunak, familiakoak nahiz ezagunak pilotalekuan ez ikustea pena da, baina halakoxea da egoera, eta... Halere, hainbat lagun joan ziren Galarreta atarira ni animatzera; ez nuen espero, izugarrizko sorpresa izan zen. Bikotekidea aritu zen lagunei Azpeititik Hernanirako bidean non nindoan esaten, eta ni iristerako frontoiaren atarian ziren pankartarekin eta zestekin.

Txapela irabazteak aurrera jarraitzeko indarra eman al dizu?

Bai. Erremontearen egoera ez da oso ona uneotan, eta bai, halako txapelketa bat irabazteak aurrera segitzeko ilusioa pizten du.

Zer helburu dituzu aurrera begira?

Txapelketan eman dudan maila ematen jarraitu nahi dut. Ondo ari gara entrenatzen, txapelketekin jarraitzea eta maila ona emanez ahalik eta partida gehien jokatzea ditut helburu. Ea laster uzten dieten zaleei frontoietara joaten.

COVID-19ak eragindako egoera dela eta, nola ari zarete lehian?

Galarretan egiten ditugu entrenamenduak astean behin edo bitan. Dena den, asteroko partidak ez ditugu jokatzen orain. Txapelketak soilik ari gara egiten, eta txapelketak ETBk ematen dituenean soilik jokatzen ditugu. Kontratuak oraintxe amaitzen zaizkigu, eta orain ari gara enpresarekin egutegia osatzen. Berez, urtarrilaren bukaeran txapelketa bat izaten da, eta bestea martxoren bukaeran. Ikusiko dugu zer arau ezartzen dituzten agintariek; horren zain gaude.

Erremontean zatiketa etorri da pandemia garaian. Erremontista asko –tartean azpeitiarrak hainbat– beste enpresa batera joan dira. Zertan eragin dizue hausturak?

Batzuek erabaki zuten beste enpresara joatea, eta guk Oriamendik geratzea. Ederra litzateke bi enpresek elkarren kontra jokatzea partidak, pilotariok ahal den partida gehiena jokatzea eta erremontea ahalik eta lehiakorrena egitea. Baina momentuz, bi enpresak ez dira elkarren kontra jokatzeko akordiora iritsi. Bakoitza bere bidea egiten ari gara.

Erremontea lehen ere ez zen garai onenak bizitzen ari. Zatiketak are gehiago tenkatuko al du soka?

Bi enpresa egotea bakarra egotea baino hobea dela uste dut; izan ere, horrek lehiakortasuna sortzen du. Dena den, oraingoz ez dira bi enpresak elkarren aurka jokatzeko akordiora iritsi, eta uste dut denok galtzen dugula horrekin.