Koronabirusa Azpeitian

Lau positibo zenbatu dituzte herrian, eta 433,64ra igo da intzidentzia tasa

Urola Kostan, 26 positibo atzeman dituzte guztira. Aizarnazabalen, 5.981,79ko intzidentzia tasa dute, eta baheketa masiboa egitea erabaki du Osakidetzak. Hego Euskal Herrian ere gora egin dute kasuek. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu atzoko PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Urola Kostan, 26 positibo zenbatu dituzte guztira. Azpeitian, lau positibo zenbatu zituzten atzo, eta pixka bat igo da intzidentzia tasa; 433,64koa zen atzo, eta 407,36koa herenegun.

Egoerarik okerrena Aizarnazabalen dute: hamar positibo zenbatu dituzte herri horretan, eta, gaur-gaurkoz, 5.981,79ko intzidentzia tasa dute. Hori horrela, Osakidetzak erabaki du baheketa masiboa egitea Aizarnazabalen.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da halako egoera kezkagarririk, atzoko datuei erreparatuta. Dena dela, atzeman zituzten positibo batzuk zenbait herritan. Zarautzen zazpi kasu baieztatu zituzten atzo, eta 192,74ko intzidentzia tasa dute egun. Zumaian, hiru kasu atzeman zituzten atzo, eta 264,58ko intzidentzia tasa dute. Azkoitian eta Orion, berriz, positibo bana baieztatu zuten; Azkoitian 242,01eko intzidentzia tasa dute, eta 114,16koa Orion.

Bestalde, Aian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez dute kasu positiborik zenbatu. Dena dela, intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du Errezilen: zehazki, 966,18koa da.

Hego Euskal Herrian, positiboen gorakada

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6.781 antigeno eta PCR proba egin zituzten atzo, eta horietatik 480k eman zuten emaitza positiboa –astelehenean baino 118 gehiagok–: 82 kasu zenbatu zituzten Araban, 228 Bizkaian, 169 Gipuzkoan eta bat hiru lurralde horietatik kanpo. Gaur-gaurkoz, positibotasun tasa %7,1ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo, 43 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren zentroetan, eta uneotan 277 lagun daude Osakidetzaren zentroetan; horietatik 77 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan, bestalde, 147 positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 59 kasu gehiago; azaroaren 27az geroztik atzeman duten zifrarik altuena da hori. Positibotasun tasa %6,5ean dago lurralde horretan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide