25 urte bete ditu Kili Kolor dendak, eta udalaren aitortza jaso du

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 1a, 09:00

Kili Kolor dendak mende laurdena bete du, eta hori ospatzeko, oroigarri bat eman diete udaleko eta Bertan merkatarien elkarteko ordezkariek saltokiaren arduradunei.

Amaitu berri den 2020. urtean 25 urte bete ditu Kili kolor dendak. Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak saltokiko arduradunei urte horietan guztietan herriko merkataritzaren alde egindako lana eskertu nahi izan die; are gehiago, "bereziki gogorra" izan den 2020. urtean egindako ahalegina. Agustin Lizarralde udal zinegotzia eta Lore Garciarena Bertaneko teknikaria izan dira Kili Kolorreko arduradunak zoriontzen, eta egindako lana aitortzeko udalaren oroigarria eman diete.

"Herria bizirik mantentzeko ezinbestekoak dira bertako merkataritza eta ostalaritza. Guk bertako merkataritzaren aldeko apustu sendoa egiten dugu, eta orain inoiz baino gehiago, herria bizirik mantentzeko ahaleginean segitzeko eskatu nahi dizuegu", adierazi du Lizarraldek.