Beste behin, ostalariek eta hornitzaileek protestara irtengo dute bihar

Nerea Uranga 2020ko abe. 30a, 15:55

Ostalariek eta hornitzaileek protestara irtengo dute bihar, osteguna, eguerdian eta arratsaldean, beren sektorea egoera larrian dagoela salatzeko eta irtenbidea eskatzeko. 12:00etan, Azkoitiko ostalariekin batera, auto karabana egingo dute Azkoitiko plazatik abiatuta. 18:00etan, berriz, protesta zaratatsuan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Pandemia tarteko hartzen ari diren neurriengatik eta ostalaritzako sektoreari ezartzen ari zaizkien murrizketen ondorioz, sektorea egoera larrian dagoela esan dute Azkoitiko eta Azpeitiko ostalariek nahiz horien hornitzaileek. Haien ustez, orain arte jaso dituzten dirulaguntzak ez dira nahikoa. Horregatik, beste behin protesta eginez "irtenbidea eta sektorearentzako erreskate plana" eskatuko dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta udalei. Azkoitiko eta Azpeitiko ostalariek eta horien hornitzaileek bihar, 12:00etan, Azkoitiko plazatik irtenda auto karabana egingo dute; Azpeitian barrena ere ibiliko dira.

Bihar arratsalderako, berriz, protesta zaratatsua deitu dute ostalariek Gipuzkoako hainbat herritan, eta Azpeitiko tabernariek eta jatetxeetakoek bat egin dute deialdiarekin. Horregatik, 18:00etan, dendak eta tabernak ixteko ezarritako orduan, zarata ateratzera deitu dituzte herritarrak. "Bihar, ordu horretan, burrunba ateratzera deitu nahi ditugu herritarrak; esaterako, etxeko leihora edota balkoira irten eta kazolak jotzera. Gure sektoreak bizi duen egoera larria da, eta irtenbidea eskatzen dugu, jasotzen ari garen dirulaguntzak nahikoa ez direlako", azaldu du Omar Aizpuru Azpeitiko tabernarietako batek. Azpeitiko Bertan merkatari elkartekoek ere bat egin dute protesta zaratatsuaren deialdiarekin.