Bidegorriaren lotuneko obrak eginda, zabaldu dute Landeta etorbideko bidegurutzea

Nerea Uranga 2020ko abe. 27a, 15:22

Urriaren aurreneko egunean hasi zituen obrak Azpeitiko Udalak Landeta etorbidearen eta Atxubiagako kalearen artean. Urrestillako bidegorria herri barruko bidegorri sarearekin lotu dute eta, era berean, trafikoa hobeto antolatzeko zenbait aldaketa egin dituzte. Lan horiek egin bitartean, bi kale horien arteko bidegurutzea itxita egon da trafikoarentzako eta noranzko bakarra izan du Zubi Zahar kaleak.

Landetan Urrestillako bidegorria herri barruko bidegorri sarearekin lotzeko obrak egin dituzte. Joan den urriaren 1ean hasi zituen obra horiek Azpeitiko Udalak. Lanak bukatu bitartean, Landeta etorbidetik Atxubiaga kalera arteko bidegurutzea itxita egon da ibilgailuentzat, baina dagoeneko zaladu dute. Bidegorriaren lotunea egitearekin batera, UK04 autobus zerbitzuaren Atxubiaga kaleko geltokia Landeta etorbideko geltokira aldatu dute, Mendizabal jatetxearen parera. Obra horiez gainera, Landetako trafikoa hobeto antolatzeko beste zenbait aldaketa egin dituzte, baita seinaleak jarri ere.

Bidegorriaren azken faseko obrek 189.086 euroko aurrekontua izan dute.