Aizpuru III.ak eta Labakak elkarren kontra jokatuko dute erremonteko Binakako Txapelketako finala

Nerea Uranga 2020ko abe. 27a, 09:16
Labaka atzoko finalerdian. (Argazkia: Maialen Andres)

Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka bikoteek jokatuko dute erremonteko Binakako Txapelketako finala datorren larunbatean, urtarrilaren 2an,  Hernaniko Galarretako pilotalekuan (Gipuzkoa). Atzo, larunbata, finalerdietako partidak irabaztea lortu zuten bi bikoteek. Hala, Joxin Aizpuru Aizpuru III.a eta Labaka erremontista azpeitiarrak elkarren kontra ariko dira txapelaren bila.

Juanenea-Larrañaga eta Segurola-Barrenetxea IV bikoteak finalerdietan mendean hartuta lortu dute Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka bikoteek erremonteko Binakako Txapelketako finala jokatzeko txartela. Atzo, larunbata, jokatu zituzten finalerdietako bi neurketak Hernaniko Galarretan.

Joxin Aizpuru Aizpuru III.ak Ansa II.a bikotekide duela jokatuko du finala. (Argazkia: Maialen Andres)

Lehendabiziko finalerdiko partidan, Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak Juaneneari eta Larrañagari 40-33 irabazi zioten. Bikote irabazleak txapelketa guztian erakutsitako maila azaldu zuen finalerdian, eta ligaxkako lau garaipenei beste bat erantsi zieten atzo. Aizpuru oso seguru ibili zen atzeko koadroetan eta Ansak tanto sorta ederra bukatu zuen aurrekoetan.

Bigarren finalerdian, Urrizak eta Labakak 40-36 emaitzarekin hartu zituzten mendean Segurola eta Barrenetxea IV.a. Neurketaren lehen zatian Segurolak tanto onak egin zituen aurrean. Jagoba Labakak partidaren azken zatian asko asmatu zuen jokaldiarekin eta puntu batzuk lortu zituen. Oso partida gogorra izan zen bigarren finalerdikoa.