'Amaren intxaurrak' ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek otsailaren 6an Soreasun

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 23a, 10:55

Bi emanaldi eskainiko dituzte otsailaren 6an, 16:00etan aurrena eta 18:30ean bigarrena. Bi saioetarako sarrerak salgai daude jada. Urtero gisan, Uztaro haurreskolako guraso elkarteak antolatu du emanaldia haurreskolako jangelaren proiektua aurrera ateratzeko. 

Uztaro haurreskolako guraso elkarteak antolatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizuna eskainiko dute otsailaren 6an Soreasu antzokian. Egun horretan bi saio eskainiko dituzte, 16:00etan eta 18:30ean. Gaur jarri dituzte salgai bi emanaldietarako sarrerak, eta eskuragarri daude kulturaz.eus webgunean.

Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin antolatu du emanaldia Uztaro haurreskolako guraso elkarteak, haurreskolako jangelako proiektua aurrera eramateko asmoz. Hain zuzen, "bertako produktuez eginiko elikadura bermatzea eta bultzatzea" da guraso elkartearen xedea. 

Uztaroko guraso elkarteko kideek azaldu dutenez, pandemia tarteko, ezinbestekoa izango da osasun neurriak betetzea. Beraz, 6 urtetik gorakoek maskara jantzita izan beharko dute emanaldiak irauten duen bitartean. 6 urtetik beherakoei, aldiz, maskara janztea gomendatu diete. Ezingo da jan, eta ikusleak ezingo dute eserlekutik mugitu.

Hona hemen Amaren intxaurrak ikuskizunaren sipnosia:

Pirritx eta Porrotx Marimototsekin elkartuko dira parke magikoan. Amatxo Loreto duela 3 urte hil zen. Intxaurrondoa landatu zuten amatxoren oroimenez, bere agurrean. Gaur intxaurrondoak emandako lehen fruituak dastatuko dituzte. Intxaurrak jan ahala, Loretorekin bizitako abenturak partekatuko dituzte haur eta familiekin.

Dolua igarota, gaur pozik daude pailazoak, berarekin akordatzen diren aldiro irria ateratzen zaielako ezpainetan, intxaur zaporeko irria.

Marimototsek gordeak ditu amak emandako haziak, parkeko landare eta lore magiko guztienak. Gaurkoa egun aproposa da denok elkarrekin hazi horiek ereiteko… mundu berri bat sortzera goaz!