Klik!

Udazkeneko perlak

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 11a, 08:30

Aitziber Salegiri 6 edo 7 urte zituela oparitu zion aitak lehen argazki kamera. Harrezkero, klik eta klik aritzen da, mendian ikusten duen edozeri argazkiak ateratzen. Gustuko ditu loreak, izan udaberrikoak ala udazkenekoak. Oraingo honetan, betirako izoztu ditu udazkeneko perlek oparitutako koloreak. Sekretua aitortu du: Sorian (Espainia) hartutako irudiak dira 2020ko abenduko Uztarria aldizkarian Klik! argazki erreportajerako hautatutako hauek.

Amanita Muscaria

Goiko irudiko perretxikoak Amanita Muscaria du izen zientifikoa; euskaraz, Kuleto Faltsua deitzen zaio. Ez da jangarria; pozoitsua da, baina ez hilgarria. Ipuinetan agertu ohi den perretxikoa da, eta argazkietarako oso erakargarria. Espezie horri atera ohi dizkio Salegik argazki gehien, mendian erraz ikusten baita dituen "kolore biziengatik". Gainera, jangarria ez denez, bere lekuan gelditzen da; hau da, inork ez du jasotzen.

Ganoderma Lucidum

Perretxiko honek Ganoderma Lucidum du izen zientifikoa; euskaraz, Ardagaia deitzen zaio. Ez da pozoitsua, baina ez da jaten, oso gogorra delako. Enborretan hazten da. Zenbait herritan –Asteasun bai, behintzat–, garai batean, su berria –su bedeinkatua– elizatik etxera eramateko erabiltzen zuten Aste Santuko larunbatean.

Hypholoma Fasciculare

Hypholoma Fasciculare da goiko irudiko perretxikoaren izen zientifikoa. Ez da jangarria, toxikoa da. Lore sorta moduan hazten da taldean, enborretan. Salegi ez da perretxikotara elikagai bila soilik joaten, toxikoak direnei ere ateratzen die zukua, kameraren bidez.

Marasmius Confluens

Perretxiko honek Marasmius Confluens du izen zientifikoa. Jangarria da, nahiz eta ez dagoen ohiturarik jasotzeko. Taldean hazten da, ur-jausi baten forman. Azpeitiarraren arabera, "ikusgarria" da udazkeneko koloreen artean.

Amanita Vaginata

Amanita Vaginata Fulva da perretxiko honen izen zientifikoa; euskaraz, kukumelo deitzen zaio. Jangarria da. Argazkikoa jaio berria da, luzatu egin behar du oraindik. Arrautza baten forma du sortu berria denean; hazten denean, txapel berdea eta enbor zuria izan ohi ditu.

Hydnum Imbricatum

Perretxiko honek Hydnum Imbricatum du izen zientifikoa; euskaraz, tripaki iluna deitzen zaio. Jangarria bada ere, ez da jaten zapore garratza eta usain desatsegina dituelako. Salegiren arabera, "oso bereziak" dira. "Loreen petaloak dirudite, eta, gainera, erreta daudela dirudi".

Amanita Aureola

Goiko perretxikoak Amanita Aureola du izen zientifikoa. Ez da jangarria, toxikoa da. Gauez ateratako argazkia da honako hau, eta dituen kolore biziak tarteko, "oso ikusgarria" da.

Mycena Haemtopoda

Goiko irudiko perretxikoak Mycena Haemtopoda du izen zientifikoa. Ez da jangarria. Ikaragarri atera ohi dira, hiruko edo lauko multzoetan. Gehienetan, enborretan hazi ohi dira.

Fuligo Septica

Ezkerreko perretxikoak Fuligo Septica du izen zientifikoa. Ez da jangarria. Lurrean hazten da, hosto artean. "Oso berezia da, esponja itxura hartzen baitu", dio Salegik. Perretxikoek mila forma eta kolore izan ditzakete, eta horrek atentzioa eman izan dio txikitatik azpeitiarrari. Zorte ona izanez gero, otarrea betetzen du perretxikoz Salegik, eta zorte txarragoa duenean, argazki kamera. Haren arabera, modu batera edo bestera, beti da "plan ederra" naturaz gozatzea.