Koronabirusa Azpeitian

Inoizko azterketarik zailena aise gainditu dute herriko ikastetxeek

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 22a, 10:00

Gabonetara ikastetxeak zabalik iristea lorpena izan dela nabarmendu dute herriko lau ikastetxeetako zuzendariek, ikasturte hasieran ez zutelako horrelakorik espero. Egokitzat jo dituzte koronabirusari aurre egiteko indarrean jarri zituzten neurriak, eta eskertu egin dute hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiek egin duten ahalegina.

Ikasturte hasierak berekin ekarri ohi dituen urduritasunak eta zalantzak hamaika aldiz handiagoak ziren aurtengo irailaren hasieran. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak COVID-19ari aurre egiteko diseinatutako protokoloak oinarri hartuta, eskura zituzten baliabide guztiak erabiltzeko hautua egin zuten herriko ikastetxeek. Baina, hala ere, inor ez zen gai hurrengo hilabeteetan gerta zitekeena aurreikusteko. Lau hilabete pasatu dira ordutik, eta inoizko lauhilekorik zailena gaindituta, oporretan dira ikasle eta irakasleak. Oporretako lehen egunean, lehen lauhilekoaren balorazioa egin dute lau ikastetxeetako zuzendariek.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai 

Karmelo Etxegarai Ikastolan 2 urtetik 12 urtera arteko 900 bat ikasle ibiltzen dira, eta Camino Saiz zuzendariak aitortu du horren ikasle kopuru handia izatea zela beldurrik handiena ematen ziena. Horien guztien osasuna bermatzeko, neurri zorrotzak hartu zituzten ikasturtearen hasieran. Haur Hezkuntzako metodologian hainbat aldaketa egin behar izan dituztela adierazi du, zirkulazio librea alboratu eta burbuila taldeetan edo talde egonkorretan ibiltzea hobetsi dutela. Lehen Hezkuntzan, ostera, azken urteetan indarrean jarritako metodologiari eutsi ahal izan diote ordutegietan egindako moldaketa batzuei esker. Gainera, egoera baliatu dute ikastolatik kanpora ohi baino gehiagotan irteteko, eta eguraldiak lagundu dien heinean, herrian ibilaldiak egin dituzte. 

Horri guztiari esker, COVID-19ari "tinkotasunez" aurre egiteko gai izan direla uste du Saizek, eta gaitzak ikastetxean eragina izan duen arren, eragin hori mugatua izan dela. Izan ere, lau hilabeteotan sei gela besterik ez dituzte konfinatu behar izan: hiru Haur Hezkuntzan eta beste hiru Lehen Hezkuntzan. "Alde horretatik gurasoak ere zoriondu beharrean gaude ikasturte hasieran ezarritako neurriak behar bezala bete dituztelako". Aldi baterako itxi behar izan dituzten ikasgelez gain, konfinatutako ikasle solteak ere izan direla esan du, "baina ez horrenbeste". Zentzu horretan, lehen lauhilekoaren balorazio "oso positiboa" egin du, eta bigarrena ere ildo beretik joatea nahi luke. "Orain, oporretan, atseden hartu eta indarrak berritzea tokatzen zaigu, urtarriletik aurrera ere COVID-19ari aurre egiten jarraitzeko".

Urola Ikastola

Ikasturtearen hasieran esan baliote Gabonetara ikastetxea itxi gabe iritsiko zirela, ez zukeela sinetsiko aitortu du Maite Garcia Urola Ikastolako zuzendariak. Baina bai, iritsi egin dira, eta "nahikoa txukun" gainera; horregatik, lehendabiziko lauhilekoaren balorazio "baikorra" egin du hark ere. 30etik gora geletan 800dik gora ikasle dituzten ikastetxe batean hiru gela besterik konfinatu behar ez izatea lorpentzat jo du Garciak; "horrek erakusten du gauzak ondo egin ditugula". 

Dena dela, onartu du gorabehera handiko hilabeteak izan direla, eta herriko egoerak ikastetxeko egoeran "eragin zuzena" izan duela. "Urriko lehenengo asteetan nabarmen egin zuen okerrera herriko egoerak, eta ikastetxean ere aste zailak izan ziren". Garai hartan egunero izan zituzten konfinatutako ikasleak, eta azaldu du Hezkuntza Sailarekin harreman estua izan zutela. "Aipatzekoa da, hala ere, ikastetxean izan ditugun positiboak kanpotik etorritakoak izan direla; frogatzea zaila den arren, guk dakigula ikastetxean bertan ez da izan kutsatzerik". Azaro bukaerarako egoera asko lasaitu zela esan du, eta izan direla egunak konfinatutako ikasle bakar bat izan ez dutenak. "Egun horietan sekulako poza sentitzen genuen, zerbait ospatzeko izango bagenu bezala". 

Garciaren hitzetan, lau hilabeteotan egoerara egokitzen joan behar izan dute. "Ikasturte hasieran neurri batzuk hartu genituen, baina egoerak berak beste batzuk hartzera behartu gaitu". Esate baterako, moldatu egin behar izan dute jolasorduetako araudia. "Ordulaurdeneko bi jolasordu izaten dituzte ikasleek, eta hasiera batean horietan jaten zuten hamaiketakoa. Horretarako, ordea, maskara jaitsi egin behar izaten zuten, eta ondorioz, positiboak ez, baina bolada batez konfinatutako ikasle asko izan genituen". Jolasordu aurreko klasea bost minutu lehenago bukatu eta hamaiketakoa ikasgelan bertan jaten hastea erabaki zuten, eta horrek "sekulako lasaitasuna" ekarri zien. "Jolasorduetan maskararik kentzen ez dutenetik, askoz ikasle gutxiago izan ditugu konfinatuta, eta horrek asko erraztu digu ikastolako martxa". 

Lauhilekoaren balorazio "positiboa" eginagatik, aitortu du "tentsio handiko hilabeteak" izan direla, eta irakasle zein ikasle, "sekulako nekearekin" iritsi direla Gabonetara; "joan den ostiralean nekatuago geunden urte normal batean ekainaren bukaeran baino".

Iraurgi Ikastetxea

Aurreko bien ildo beretik hitz egin du Aitor Cordoba Iraurgi Ikastetxeko zuzendariak ere; lauhilekoaren balorazio “positiboa” egin du, eta nabarmendu du indarrean jarri dituzten neurriak COVID-19ari aurre egiteko baliagarriak izan direla. Ikasturtearen hasieratik hona egoerara egokitzen joan behar izan dutela azaldu du Cordobak; aldaketa horietako batzuk —jangelari dagozkionak, eskola orduez kanpoko ekintzei lotutakoak, eta abar— Eusko Jaurlaritzak agindutakoak izan direla, eta beste zenbait, egunerokoan beharrezko jo dituztenak edota familiengandik jasotako iradokizunak —sarrerak moldatzea, jangelan txanda gehiago egitea, Haur Hezkuntzako ikasleak talde txikiagoetan biltzea, eta abar—. 

Iraurgin ere "eragin handia" izan du herriko egoerak; beti izan dituzte konfinatutako ikasleak, "batzutan gehiago besteetan baino", eta gelaren batzuk aldi baterako itxi beharra izan dute Batxilergoan eta haur eskolan. Dena dela, aitortu du espero zutena baina hobeto joan zaiela orain artekoa; "hasiera batean ezjakintasunak eragindako beldur handia zegoen, eta irailean ez genuen espero lauhileko osoa etxeratu gabe pasako genuenik". Etxean egon behar izan duten ikasleei eskolak online eman dizkietela azaldu du zuzendariak, eta horren inguruan egiten duten balorazioa ere "oso ona" dela. Dena dela, zer hobeturik badutela uste du, eta urtarriletik aurrera indarrean jar ditzateken neurri berriak aztertzen ari dira Haur Hezkuntzan eta Batxilergoan konfinamendu kasuak murrizteko helburuarekin.

Cordobak adierazi du "emozionalki tentsio handiko hilabeteak" izan direla irakasleentzat, ikasleentzat eta haien familientzat. "Gelan positibo bat agertzeak beldur eta kezka handia eragiten zuen hasieran. Orain badakigu eskolan ia ez dela transmisiorik gertatzen eta lasaiago hartzen ditugu berriak. Ez da inoren gustukoa konfinatu behar izatea, baina prebentzio neurri bat gehiago da. Guztion ongizate fisiko eta emozionalari arreta jartzen jarraituko dugu, eta hau guztia elkarlanari esker gaindituko dugu".

Ikasberri Ikastola

Ikasberri Ikastolako zuzendari Arantxa Bidezabalek ere balorazio "baikorra" egin du lehen lauhilekoaren inguruan, baina nabarmendu du horretarako ahalegin handia egin behar izan dutela ikastolako hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiek. "Gure helburua izan da osasun integralaren eta helburu akademikoen arteko oreka bilatzea, alegia, osasuna babestearren helburu akademikoak alboratu beharrik ez izatea, eta helburu akademikoak lortzearren osasun integrala kolokan ez jartzea". 

Atzera begira jarrita, "ondo" moldatu direla iritzi dio, "espero genuena baino errazago", baina hark ere onartu du "tentsio handiko" hilabeteak izan direla eta etengabe neurriak egokitzen joan behar izan dutela. Dena dela, "kontraesanak" ikusi dituela adierazi du. "Iruditzen zait ikastetxe barruan sekulako ahalegina egin behar izan dugula hau guztia ahalik eta ondoen aurrera eramateko, guk sinesten dugun pedagogia eredua hein batean sakrifikatu egin behar izan dugula, eta gero, kalean, beste modu batera ibili direla herritarrak". Esate baterako, Bidezabalen hitzetan, ikasleak burbuiletan edo talde egonkorretan ibiltze horrek asko oztopatzen ditu beraien arteko harremanak. "Guretzat ere ez da eredurik onena, baina ikastolan horrela ibili behar izan dugu. Eskola orduetatik kanpo, ordea, beste modu batera ibiltzeko aukera izan dute herritarrek, eta horrek guztiak gero baldintzatu egin du ikastolako jaurduna”. Ikasberrin ere herriko egoerak zuzenean eragin baitu. "Izan ditugu aste zailagoak eta aste lasaiagoak, eta lasai horiek baliatu ditugu sortu diren arrakalak konpontzen saiatzeko". 

Hala ere, datuak ez dira txarrak: lau hilabetean pare bat gela oso baino ez dituzte konfinatu behar izan. "Txikienen gelak izan dira, positibo batekin ikaskide guztiak konfinatzea agintzen duten horietakoak”. Konfinatuta izan diren ikasle zaharragoek, berriz, online bidez jarraitu ahal izan dituzte eskolak, eta horrekin nahikoa kezka bazuten arren, "oso ondo" joan dela nabarmendu du.

Herriko beste hiru ikastetxeetako irakasleak eta ikasleak bezalaxe, Ikasberrikoak ere "leher eginda" iritsi dira Gabonetako oporretara. "Egoera honek gauza guztiak askoz gehiago pentsatzea eta zaintzea eskatzen du, eta horrek neke fisikoa eta buruko nekea handitu egiten ditu", adierazi du Bidezabalek. Hogei eguneko oporraldiaren ostean, urtarrilaren 7an itzuliko dira ikasgeletara, eta bigarren lauhilekoan ere helburu bera izango dute: osasun integralaren eta helburu akademikoen arteko oreka topatzea.