Koronabirusa Azpeitian

Pertsonak zenbatzeko gailu bat jarriko dute Urreta Txiki baserriaren inguruan

Julene Frantzesena 2020ko abe. 28a, 11:02
Arku gisako kontagailu automatikoak jarriko dituzte Urreta baserriaren ondoko harrizko bidearen hasieran eta bukaeran.

Albiste hau atzoko egunez (abenduak 28) asmatutakoa da.

Jende pilaketak saihesteko asmoz jarriko dute kontagailua Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak. Urreta Txiki baserria pasatu eta harriz osatutako bidearen hasieran eta bide zati horren bukaeran, pertsona kopurua kontrolatzeko kontagailu bat jarriko dute urtarrilaren 1etik aurrera. 

Azken boladan herriko eta inguruetako mendietan izan diren jende pilaketak saihesteko asmoz, neurri zehatz bat hartzea erabaki dute Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak. Hain zuzen ere, Xoxotera bidean, Urreta Txiki baserria pasatu eta harriz osatutako bidearen hasieran eta bide zati horren bukaeran, pertsona kopurua kontrolatzeko kontagailu bana jarriko dute urtarrilaren 1etik aurrera.

Arku moduko bana jarriko dute harri bidearen hasieran eta bukaeran, eta horiek automatikoki zenbatuko dituzte herritarrak. Dena den, pertsona bana ariko da leku horietan edukiera muga kontrolatzen. Izan ere, aldi berean, gehienez, ehun lagunek igaro ahal izango dute bide horretatik, eta behin kopuru muga horretara iristean, herritarrek zain egon beharko dute handik igaro ahal izateko.

Bide hori, malkartsuaz gain, estua da, eta horregatik nahi dute bi erakundeek handik aldi berean igoko eta jaitsiko den pertsona kopurua kontrolatzea; izan ere, haien arabera, azken boladan "jende uholdeak" elkartu dira bide zati horretan.