Oihana Orbegozok irabazi du txapela Binakako Emakume Master Cup Laboral Kutxa txapelketan

Nerea Uranga 2020ko abe. 20a, 14:08
Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo gaur, txapelak jantzita. (Emakume Master Cup)

Binakako Master Cup Laboral Kutxa Txapelketako finala jokatu du gaur Oihana Orbegozo azpeitiarrak, Amaia Aldairekin bikotea osatuta. 22-15 irabazita mendean hartu dituzte Naroa Agirre eta Patri Espinar. Finaleko partida "gogorra eta estua" izan dela nabarmendu dute txapeldunek.

Antolatzaileek aurreikusi bezala, "gogorra eta estua" izan da Binakako Emakume Master Cup Laboral Kutxa Txapelketako finala. Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Amaia Aldaik irabazi diete norgehiagoka Naroa Agirreri eta Patri Espinarri. 22-15 emaitzak bestelakoa adierazten duen arren, partida "nahiko parekatua" izan dela nabarmendu dute finala jokatu duten pilotariek.

Orbegozok eta Aldaik ia ordubeteko lana egin behar izan dute txapela lortzeko; ondorioz, pilotakada asko eman behar izan dituzte. Orbegozo oso gustura azaldu da txapela lortuta: "Bultzatu nindutelako itzuli nintzen pilotara, eta txapela lortzeraino iristea asko da". Garaipena Arrigorriagan, Diman eta Latasan entrenamenduetan bidelagun izan dituenei, etxekoei eta lagunei eskaini die Orbegozok.

Guztira, hamasei pilotarik eta zortzi bikotek parte hartu dute txapelketan, eta hainbat kanporaketaren ostean, abenduaren 6an erabaki zen zeintzuk izango ziren finalistak: Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo nahiz Patri Espinar eta Naroa Agirre.