'Bateragune auzia' errepikatzearen aurka, kalera atera dira herritarrak

Julene Frantzesena 2020ko abe. 19a, 18:30

Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko mobilizatu dira gaur herritarrak Euskal Herriko hamaika txokotan, baita Azpeitian ere. Demokrazia lelopean hainbat lagun elkartu dira plazan.

Bateragune auzia errepikatzeko erabakia hartu berri du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta hori salatzeko hainbat lagun elkartu dira gaur arratsaldean plazan, Demokrazia lelopean. Euskal Herriko hainbat txokotan egin dituzte kontzentrazioak eguerdi partean, eta Azpeitian 18:00etan hasita egin dute. Deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Nafarroako Izquierda Unidak, Gure Eskuk, Emakumeon Mundu Martxak, Bilgune Feministak, Sarek, Etxeratek nahiz CCOO-Euskadik.

Gorenak joan zen astelehenean jakinarazi zuen bigarren aretoko hamasei epaileek aho batez onartu zutela Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Sonia Jacinto berriz epaitzea. Horretarako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua hartu dute oinarri, argudiatuta Bateragune auzia bezalakoak salbuetsita daudela epaiketa berriz egiteko debekutik. Gainera, Miguel Colmenero txostengileak eta Navia Osorio fiskalak erabaki horrekin bat egin dute honako irizpide honi helduta: adierazi dute zenbait auzi epaitu gabe geratzea saihestu behar dela. Duela hamar urte baino gehiago atxilotu zituzten bost auzipetuak, eta osorik bete zituzten Gorenak berretsitako espetxe zigorrak; denera, 31 urte.

Hona hemen, Urola Kostako hainbat herritan egin diren elkarretaratzeetako irudiekin osatutako bideoa: