Koronabirusa Azpeitian

Udala hasi da ostalariei dirulaguntzak ematen

Julene Frantzesena 2020ko abe. 19a, 14:16

Ostalariek eta udaleko ordezkariek duela aste batzuk Sanagustin kulturgunean egin zuten bilerako irudia. (Azpeitiko Udala)

Udalak jakinarazi duenez, ostalariek 63 dirulaguntza eskaera egin dituzte, eta horietatik 47k betetzen dituzte baldintzak. Horietatik 11k oinarrizko 600 euroko laguntza eskuratuko dute, eta beste 36k mila eurora arteko dirulaguntza.

Azpeitiko Udalak herriko ostalariei laguntzeko 70.000 euroko dirulaguntza lerroa onartu zuen duela aste batzuk –Eusko Jaurlaritzak tabernak eta jatetxeak ixteko agindua jasotzen zuen dekretua onartu ostean– , eta erakundeak azaldu duenez, dagoeneko hasi da eskaera egin duten ostalariei mila eurora arteko laguntzak ordaintzen. Udalak jakinarazi duenez, ostalariek 63 dirulaguntza eskaera egin dituzte, eta horietatik 47k betetzen dituzte baldintzak. Horietatik 11k oinarrizko 600 euroko laguntza eskuratuko dute, eta beste 36k mila eurora arteko dirulaguntza. Erakundeak zehaztu duenez, eskaerak egiterakoan baldintzak bete ez dituzten hamasei dirulaguntza eskaeren egileek hamar eguneko epea dute beharrezko dokumentazioa osatzeko.

Udalaren arabera, ostalaritza establezimenduen jabeen egoera ez ezik, ostalaritza langileena ere "kezkagarria" da. Hori dela eta, Nagore Alkorta alkateak gogorarazi du egoera ekonomiko txarra pasatzen ari diren herritarrei zuzendutako dirulaguntza lerro bat baduela udalak. Hain zuzen ere, pandemia garaian diru sarrerak murriztu zaizkien herritarren beharrei erantzuteko laguntza horiek "egokitu" egin dituztela gogorarazi du. Horrenbestez, baldintzak betetzen dituzten ostalaritzako nahiz beste edozein sektoretako langileek laguntzak eskura ditzaketela adierazi du. Informazioa udaletxera joanda edo 943-15 71 92 telefono zenbakira deituta eska dezakete horiek.

Alkateak esan duenez, pandemia hasi zenetik behar gehien dituztenen ondoan egotea izan da udalaren lehentasuna: "Plan integral bat egina dugu, herritar guztiak babesteko eta hainbat egoerari erantzuteko". Horren harira, alkateak esan du azken hilabeteetan kolpatutako sektoreetako bat izan dela ostalaritza: "Sektore ekonomikoen beharrei erantzuteko ahalegina egiten ari gara, eta aurrerantzean ere, udal baliabideak erabiliko dira gure herriko egoera ekonomikoa sustatzeko". Alkortak adierazi duenez, udalaren laguntza "osagarri" bat da, erakunde horrek dituen baliabideekin "ezinezkoa" delako dena konpontzea: "Horregatik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari erabaki guztiak dagozkien laguntza konpentsatzaileekin batera planteatzeko; izan ere, beharrezkoa da ostalaritza sektorearentzat plan eraginkor bat egitea".

Ekonomia eta gizarte beharrak ardatz

Azpeitiko Udalak herritarrei nahiz eragile ekonomikoei bideratutako 1,7 milioi euroko plan integrala osatu zuen maiatzean. Erakundeak adierazi duenez, martxoan 267.500 euro bideratu zituen herriko merkatariei eta ostalariei laguntzera. Hain zuzen ere, orotara, 286 establezimenduk jaso duten mila eurora arteko laguntza orduan.

Gainera, zaintzarako, oinarrizko beharretarako eta alokairua edo mailegua ordaintzeko laguntzak ere jarri ditu martxan udalak, erakunde horri dagozkion zergak atzeratzearekin batera. Horrez gain, oinarrizko elikagaiak banatzeko zerbitzua indartu eta erosketak egiteko nahiz bakardadeari aurre egiteko laguntza eskaintzen jarraitzen duela adierazi du udalak. Bestalde, beste erakunde batzuekin elkarlanean, egoera kalteberan dauden herritarrak hobeto ezagutzeko eta haien beharrei erantzuteko ikerketak egiten ere ari dela adierazi du erakundeak.