Koronabirusa Azpeitian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gorabehera handirik gabe jarraitzen du positiboen kopuruak

Maria Maya 2020ko abe. 19a, 14:13

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 423 positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak, herenegun baino 42 gutxiago. Nafarroan, berriz, ehun positibo zenbatu zituen Osasunbideak. Guztira 15.138 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egunero argitaratzen duen koronabirusaren datuen txostena kaleratu du gaur ere. Herriz herriko datuak ez dituzte jakinarazten asteburuetan, beraz, astelehenera arte itxaron beharko da datu zehatz horiek izateko. 

Dena den, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datu orokorrak bildu dituzte. Atzo 423 kasu zenbatu zituzten hiru lurralde horietan, eta herenegun 465 izan ziren atzemandako positiboak. Beraz, gorabehera handirik gabe jarraitzen du kasu positiboen kopuruak.

Lurraldearen arabera, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 211. Gipuzkoan, berriz, 138 lagunek eman dute positibo proban, eta Araban, 71k. Bizitokia lurralde horietatik kanpo duten beste hiru lagunek ere eman dute positibo azken orduetan.

Guztira, Osakidetzak 12.906 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo, eta aipatzekoa da positibotasun tasak behera egin duela zertxobait. Hain zuzen ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3,3koa da positiboen ehunekoa; 3,6koa zen atzo. 

Ospitaleen egoerari dagokionez, hainbat datu eman ditu Osasun Sailak. Atzo 47 pertsona ospitaleratu zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19aren ondorioz. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, ehun pertsona daude, herenegun baino bi gehiago. 

Nafarroako Gobernuak eman dituen datuen arabera, 2.232 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lurraldean, eta orotara, ehun lagunek eman zuten positibo proba horietan. Gaur-gaurkoz, Osasunbideak jakinarazi duenez, 21 lagun daude Nafarroako ospitaleetako ZIUetan.