Sortuk elkarretaratzea egingo du larunbatean, San Martin egoitzaren aurrean

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 17a, 11:58

Non dago diru publikoa? lelopean deitu du protestara Sortuk. 13:00etan elkartuko dira, San Martin egoitzaren aurrean. Egungo egoeran, "zaintzak erdigunean" egon behar duela aldarrikatuko dute.

Sortuk elkarretaratzea deitu du larunbaterako, abenduak 19. Non dago diru publikoa? lelopean egingo dute protesta, San Martin egoitzaren parean, 13:00etan. Deitzaileek azaldu dutenez, "gogorra" da gizartea egun bizitzen ari den egoera, eta "inoiz baino argiago" dute "zaintzak erdigunean" egon behar duela. "Beharrezkoa da gure zaharrak ondo zainduta egotea, baina behar diren baliabideak ez dira iristen. Zahar etxeetako langileek hainbeste greba eta protesta egin ondoren, langileek beren onena eta duten guztia eman dute egoiliarrak ahalik eta ondoen zainduta egoteko, baina protestetako eskaerek inoiz baino garrantzi handiagoa izanagatik ere, baliabideak ez dira iristen. Zuekin gaude!". 

Aipamen bat egin nahi izan die Sortuk zaintza arloko beste eremu batzuetan dabiltzan langileei ere, "haur, zahar zein urritasunak dituzten pertsonen zaintzan buru-belarri" dabiltzan guztiei, hain zuzen ere: eguneko zentroetan, etxeetan, etxebizitza tutelatuetan, lantegi babestuetan, urritasunen bat duten pertsonen aisialdi taldeetan, haurren zaintzan... ari direnei. "Zuekin gaude, eta orain arte bezala, gure onena emango dugu egoera zail hau lehenbailehen gaindi dezagun eta inor bazterrean gera ez dadin".

Sorturen arabera, "egoera honetara iritsi izanaren ardura osoa jendearen gain botatzeko interesa" dago. Dena den, alderdi politikoak dio "etxeko lanak egin ez dituzten gobernuena" dela ardura osoa. "Udaberrian etxean konfinatuz herritarrok egin genuen ahalegina ez dute baliatu birusari aurre egiteko. Ez dituzte beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintzan, hezkuntzan eta laguntza sozialetan. Kontrara, koroa-birusa gainditutzat eman zuten udan, erlaxamendu orokorra bultzatuz, interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan. Orain, Eguberrietako oporren atarian, antzeko zerbait egin digute, gutxi batzuen ekonomiaren mesedetan neurriak malgutu dituzte, merkataritza gune handietan kontsumitzera eta hiri handietara joatera bultzatu nahi gaituzte, urte berria hastean berriro gure ardura izan dela eta ez dugula ondo egin entzuteko".

Sortuk dionez, "birusarekin elkarbizitza lortzea da helburua, ekonomiak aurrera jarraitzeko", erakundeek esandakoaren arabera. "Baina gauza bat oso argi dugu, osasunik gabe, ez dago ekonomiarik". Horregatik, "herritarren beharrak lehenesteko eta arduraz jokatzeko eskatuz" egingo duten elkarretaratzera gonbidatu ditu Sortuk herritarrak.