Urtarrilaren 9an presoen eskubideen alde herrian egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu du Azpeitiko Sarek

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 15a, 09:18
Atzo arratsaldean Sanagustinen egin zuten agerraldi jendetsua. (Azpeitiko Sare)

Bilboko manifestazio erraldoiaren ordez, herriz herri egingo dituzte mobilizazioak. Urtarrilaren 9an egingo dituzte manifestazio horiek, eta Azpeitikoa 17:30ean abiatuko da herriko plazatik. Horrez gain, Eguberrietarako beste bi ekitaldi ere antolatu ditu Azpeitiko Sarek: abenduaren 24an ekitaldia egingo dute plazan, 19:00etan hasita; eta abenduaren 30an Miren Ilarreta eta Onintza Ostolaza abokatuek Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu preso azpeitiarren egoeraz hitz egingo dute Sanagustinen. 18:30etan hasiko da hitzaldi hori.

Pandemia dela eta, urtearen hasieran presoen eskubideen alde Bilbon egin ohi duten manifestazio erraldoirik ez da izango 2021ean. Horren ordez, urtarrilaren 9an herriz herri egingo dituzte manfestazioak. Azpeitikoa 17:30ean abiatuko da plazatik, eta herritar guztiei mobilizizazio horretan parte hartzeko deia egin die Azpeitiko Sarek. Atzo arratsaldean Sanagustinen egindako agerraldi jendetsua baliatu zuen dei hori egiteko. Urtarrilaren 9an herriz herri egingo dituzten manifestazioetan Bilbon adina lagun elkartzea izango da helburua.  

Horrez gain, Eguberrietarako beste bi ekitaldi ere iragarri zituen Azpeitiko Sarek: abenduaren 24an ekitaldia egingo dute herriko plazan, 19:00etan hasita; eta abenduaren 30an Miren Ilarreta eta Onintza Ostolaza abokatuek Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu preso azpeitiarren egoeraz hitz egingo dute Sanagustinen. 18:30etan hasiko da hitzaldi hori.

Atzoko agerraldian, Azpeitiko Sare kezkatuta agertu zen presoen egoeragatik, pandemiak bisitak izateko eragozpenak handitu dizkielako. "Egoera hori are txarragoa da euskal presoei aplikatzen zaien urruntze politikaren ondorioz". Horregatik, atzo Sanagustinen bildutako herritarrek "babesa eta konpromisoa" helarazi zizkieten horien senideei eta lagunei. Gogoan izan zituzten motxiladun umeak ere, ia ehun gaur egun. "Sei hilabete baino gehiagoan ez dute izan aukerarik ama, aita edo biak besarkatzeko".

Azpeitiko Sarek nabarmendu zuen azken hilabeteetan preso batzuen egoera aldatu egin dela, espetxe gehienetan isolatzeak kendu dituztelako, gaixotasun larriak dituzten zenbait presori tratamendua modu duinagoan jasotzeko aukera eman dietelako eta hurbiltze batzuk izan direlako. Baina oraindik zer hobetua badagoela adierazi zuen, "oraindik ere badelako presorik isolamenduan, gaixotasun larriak dituzten eta aspaldi etxean egon behar zuten presoak badirelako espetxeetan, eta presoen %70ek Andaluziako, Valentzia aldeko eta Galiziako espetxeetan jarraitzen dutelako". Ezinbestekotzat jo zuen presoei "gradu progresioa" ezartzea: "Gure dinamikaren barruko lanaren ardatz garrantzitsuenetako bat hori da, presoak etxeratzeko bidearen hasiera baita, espetxe araudia huts-hutsean aplikatuta. Sistematikoki gradu aldaketak ukatu egin zaizkie eta euskal presoek lehenengo graduan bete izan dute kondena guztia, baimenak edo baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukerarik gabe. Ez dago inolako arrazoirik presoei bigarren edo hirugarren gradura pasatzea ukatzeko, eta bide horretan oztoporik ez jartzeko eskatzen dugu".

Azpeitiko Sarek garbi utzi zuen ez dagoela prest "normala ez dena normalizatzeko". Azpimarratu zuen aurrera egin diren urratsak, "urrats txikiak", gizartearen aktibazioari eta urteetan egindako lanari esker egin direla. "Josu Mont de Marsanen beste kideekin batera izatea da adibide garbi bat. Baina Espainiako Gobernuko presidenteak 2018an hartutako konpromisoan adierazitakoa ez dira betetzen ari. Konponbide justu bakarra dago: presoei ezartzen zaien salbuespenezko araubideari amaiera ematea eta mendekuan oinarritutako espetxe politikatik konponbidera bideratutako espetxe politika batera urratsak egitea".

Atzoko agerraldian parte hartu zuten azpeitiarrak:

Fernando Arakistain, Olatz Izagirre, Saioa Lesaka, Jagoba Beobide, Arantxa Larrañaga, Kepa Ibarzabal, Iraitz Arrizabalaga, Mikel Iriarte, Amaia Agirretxe, Eneko Larrañaga, Nagore Alkorta, Miren Arrieta, Imanol Lazkano, Mirian Arrieta, Eneko Etxeberria, Garazi Elorza, Jabier Odriozola, Mikel Aranburu, Miren Segurola, Josu Badiola, Itxaso Rodrigez, Egoitz Barrena, Lide Gurrutxaga, Laxaro Azkune, Luken Galarraga, Jose Luis Zubizarreta, Ander Urbieta, Ainhoa Aranburu, Ana Maria Bastarrika, Aitor Beloki, Joseba Gallastegi, Maialen Agirre, Maialen Aldalur, Karmen Bastida, Dorleta Odriozola eta Aitor Zulaika.