Biele Groupeko Mikel Bereziartua saritu du Confebaskek Empresa&FP ekitaldian

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 5a, 11:20
Mikel Bereziartua (eskuinean), sariarekin.

Lanbide Heziketaren alde bideratzaile gisa egindako ahalegina tarteko saritu dute Bereziartua. Asteazkenean jaso zuen saria, Bilbon.

Empresa&FP sari banaketa ekitaldia gauzatu zuen Confebaskek –euskal enpresarian konfederakuntzak– joan den asteazkenean, abenduak 2, Bilboko Euskalduna jauregian. Hainbat sari banatu zuten ekitaldian, enpresek Lanbide Heziketari laguntzeko egiten duten ahalegina aitortzeko helburuarekin. Tartean, Azpeitiko Biele Group enpresako Mikel Bereziartua saritu zuten, bideratzaile gisa egindako lanagatik.

Empresa&FP ekitaldiaren 27. aldia izan da aurtengoa, eta Confebaskek Adegi, Cebek eta Sea elkarteekin batera antolatu du. Bereziartuarekin batera, bideratzaileen atalean saritu zituzten Arabako Electro Alavesa enpresako Roberto Garcia eta Bizkaiko Insurance Solutions enpresako Eneko Alvarez de Gistek.

Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari orokorrak ekitaldian azaldu zuenez, sari horien helburua da "formakuntzan ahaleginik handiena egin dutenen lana aitortzea". Sariak nori eman aukeratzerakoan, Lanbide Heziketako zentroen balorazioak izan dituzte kontuan.