'Hil kanpaiak' filma emango dute igandetik asteartera bitartean Soreasu antzokian

Julene Frantzesena 2020ko aza. 30a, 09:52

Igandean (19:00), astelehenean (19:00) eta asteartean (16:30 eta 19:00) emango dute filma Soreasun. Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarraren 33 ezkil liburuan oinarritutako fikma da Hil kanpaiak. Asteleheneko emanadiaren ostean, solasaldia izango da Gorrotxategirekin eta Imanol Rayo filmeko zuzendariarekin.

Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarraren 33 ezkil liburuan oinarritutako Hil kanpaiak filma emango dute datorren asteburuan Soreasu antzokian. Igandean (19:00), astelehenean (19:00) eta asteartean (16:30 eta 19:00) ikusi ahal izango da filma, eta dagoeneko eskura daitezke emanaldi horietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean. Asteleheneko emanaldiaren ostean, Miren Gorrotxategirekin eta Imanol Rayo zuzendariarekin solasaldia izango da. Ikusleek elkarrizketatuentzako galderak bidal ditzakete kulturaz@kulturaz.eus helbide elektronikora.

Imanol Rayok zuzendutako filma Euskal Herrian ekoitzia da. Honako hau da drama generoko lanaren sinopsia: "Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertu dira. Etxekoek, Fermin eta Karmen senar-emazteek, Nestor semeari deituko diote, eta hark, berriz, Ertzaintzari. Baina eratzainak iristean, ez da hezurrik egongo. Segidan, hil-kanpaiak joka hasiko dira auzoko baselizan. Adur txarreko seinale horrek, gertaera latzak ekarri ez ezik, familiaren eta ingurukoen garai bateko zauriak irekiko ditu". Rayok zuzendu duen bigarren film luzea da.