Trikiti doinuek girotu zuten Soreasu antzokiko zapatu arratsaldea

Anartz Izagirre 2020ko aza. 29a, 15:54

San Jose trikiti jaialdiaren bi emanaldi izan ziren atzo, zapatua, Soreasu antzokian, eta Euskal Herriko hainbat musikari ezagunek parte hartu zuten bertan. Bestalde, jaialdiaren XXX. edizioa zela eta, hainbat pertsona omendu zituzten.

Zortzi hilabete beranduago bada ere, giro ederrean ospatu zuten San Jose trikiti jaialdia atzo, zapatua, Soreasu antzokian. Edukiera murriztua zela-eta bi emanaldi egin zituzten —16:00etan eta 19:00etan—, eta gozatu ederra hartu zuten Soreasura joan zirenek lehen txandan zein bigarrenean. Aurtengo edizioan, honako musikari hauek igo dira Soreasuko agertokira: Unai Dorronsoro, Martin eta Motriku; Roberto Etxebarria, Kepa Arrizabalaga eta Miren Etxebarria; Gozategi anai-arrebak; Azkoitiko Txalkor eta Azpeitiko Antxieta txistulari taldeak; Estanga anai-arrebak; eta Astiazaran osaba-ilobak eta Aitor Aiastui.

Edizio berezia izan da aurtengoa, eta ez COVID-19ak baldintzatutako jaialdia izan delako bakarrik. Izan ere, XXX. San Jose trikiti jaialdia izan da aurtengoa, eta azken urteetan antolakuntzan ibili diren hainbat pertsonak oroigarri bana jaso zuten: Joxe Mari Iriondo, Mari Karmen Odriozola, Joxe Alkain eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. Joxe Mari Otermin ere bazegoen omenduen artean, baina ezin izan zuen jaialdira joan.

(Argazkiak: Ibon Errazu)