Egungo testuinguruaz eta kulturaren industriaz jardun dute Gaztetxean

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 28a, 09:49

Atzo arratsaldean eman zieten hasiera Kultura ala kultur industria? izenburupean Gaztetxeak antolatu dituen jardunaldiei. COVID-19 garaia, aldaketa kulturala eta kulturaren industria izan zituzten hizpide lehendabiziko saio horretan, eta jende ugari bertaratu zen hitzaldia entzutera. Abenduaren 4an izango da bigarren saioa. Artea eta politika. Historiari begirada bat hitzaldia eskainiko dute Gaztetxean bertan, 18:00etan hasita.

Gauza jakina da COVID-19aren ondorioz goitik behera aldatu dela testuingurua, eta Gaztetxeko kideen ustetan orain artekoa hasiera besterik ez da izan, egiturazko aldaketak ekarriko dituen beste garai baterako abiapuntua. Horregatik, "agente politiko eta kultural bezala", ezinbestekoa iruditzen zaie testuinguru orokor honetan nahiz datozen hilabete zein urteetan emango diren aldaketa kulturaletan eta kultur produkzioaren esparruan industria kulturalak izango duen paperaren inguruan hausnartzea.

Helburu horrekin, Kultura ala kultur industria? jardunaldiak antolatu dituzte, eta hain zuzen ere, atzo arratsaldean eman zieten hasiera, COVID-19 garaia, aldaketa kulturala eta kulturaren industria hitzaldiarekin. Gaztetxean izan zen saioa, eta jende ugari bertaratu zen hitzaldia entzutera eta gaiaren inguruan hausnartzera.

Bigarren saioa abenduaren 4rako antolatu dute. Artea eta politika. Historiari begirada bat hitzaldiarekin, artearen eta politikaren arteko harremanak aztertuko dituzte. Gaztetxean bertan izango da saio hori ere, 18:00etan hasita. Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, saioetara bertaratzeko "ezinbestekoa" izango da osasun neurriak errespetatzea.