Ezohiko moduan egingo dute aurten 55. Durangoko Azoka, eta Azpeitira ere iritsiko da

Anartz Izagirre 2020ko aza. 27a, 10:42
55. Durangoko Azokaren aurkezpena, Landako gunean. (Durangoko Azoka)

Durangoko Azokan ez dute erakusmahairik jarriko aurten, baina kontsulta daiteke dagoeneko online katalogoa; Azpeitiko sortzaileen lanak ere izango dira tartean. Bestalde, Durangotik kanpo hainbat jarduera antolatu dituzte Zu non, han DA! ekimenaren barruan; abenduaren 5ean Gatiburen kontzertua izango da Soreasu antzokian, eta 8an Sua taldearena, Sanagustin kulturgunean.

Osasun krisiak bete-betean harrapatu du 55. Durangoko Azoka ere, baina Gerediaga elkarteak egoera berrira egokitu du liburuen eta diskoen azoka. TaupaDA! leloa jarri diote aurtengo edizioari, eta joan diren urteekin alderatuta oso bestelako itxura izango du aurten euskal kulturaren topaguneak.

Alde batetik, azokaren webgunean 2.300 produktu baino gehiago jarri dituzte salgai—aurten ez da erakusmahairik izango Landako gunean—: katalogoan 852 nobedade daude; 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta bestelako 72 produktu, hain zuzen ere. Guztira, 185 parte-hartzailek ezarri dituzte beren produktuak sarean salgai. Abenduaren 4tik 8ra bitartean —azokak irauten duen bitartean— egin ahal izango dira erosketak, baina dagoeneko kontsulta daiteke online katalagoa. Bezeroak ordainketa egin ahal izango du, baina banaketak abenduaren 4an hasiko dituzte. Gerediaga elkarteak adierazi duenez, erosketak egiten dituzten lehen mila eroslek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa jasoko dute, dohainik. Halaber, 45 eurotik gorako erosketei ez diete bidalketa gasturik ezarriko. Urtero legez, aurten ere Azpeitiko hainbat sortzaileren lanak izango dira Durangoko Azokan.

Zu non, han DA!

Herriz herri mugitzeko mugak medio, hainbatek ezingo dute Durangora joan bertan antolatzen dituzten hamaika ekitaldetara. Gerediaga elkarteak, baina, kultur ekitaldiak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat txokotan; tartean, Azpeitian. Zu non, han DA! ekimenaren barruan bi kontzertu ikusteko aukera izango da; alde batetik, Gatiburen kontzertua izango da abenduaren 5ean, 19:00etan, Soreasun antzokian; eta, bestetik, Sua taldea igoko da Sanagustin kulturguneko agertokira, abenduaren 8an, 19:00etan. Honako lotura honetan eros daitezke Gatiburen kontzerturako sarrerak, eta beste honetan, Suaren kontzertukoak.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak dei egin die herritarrei Durangoko Azoka beste era batera bizitzeko: "Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere".