Martxan da Bertanek eta udalak antolatutako Gabonetako erakusleiho lehiaketa

Anartz Izagirre 2020ko aza. 26a, 16:40
Gabonetako erakusleiho lehiaketako iazko irabazleak. (Bertan Merkatari Elkartea)

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 9ra arteko epea dute izena emateko nahiz erakusleihoak prestatzeko. Lau sari egongo dira; batetik, epaimahaiak hiru erakusleihorik onenak sarituko ditu, eta bestetik, herritarren saria izango da.

Beste urte batez, Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak. IX. edizioa izango da aurtengoa, eta saltokiek dagoeneko eman dezakete izena lehiaketan, Bertanen telefono zenbakira deituta (943-02 56 73 eta 688 82 39 44) edo bertan.azpeitia@gmail.com nahiz basazabal@azpeitia.eus helbideetara mezu bat bidalita. Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketaren oinarriak.

Lehiaketan parte hartu nahi duten merkatariek prest izan beharko dituzte erakusleihoak abenduaren 9rako —egun hori barne—, eta abenduaren 27ra arte ezin izango dituzte kendu. Antolatzaileek abenduaren 29an emango dute irabazleen berri, eta lau sari izango dira guztira: erakusleiho onenaren jabeak 600 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 euro eta hirugarrenak 200 euro. Horrez gain, herritarren saria ere egongo da; Bertaneko kideek erakusleihoen argazkiak igoko dituzte beren Facebook orrialdera, eta abenduaren 29ko 12:00etan "atsegin dut" gehien dituen erakusleihoaren jabeak 200 euroko saria jasoko du. Gainera, botoa ematen duten herritar guztien artean 100 euroko erosketa bonua zozkatuko dute.

Aurtengo epaimahaia Bertaneko kide batek, udaleko zinegotzi batek eta aditu batek osatuko dute, eta honako ezaugarriak baloratuko dituzte: inpresioa, konposizioa, modernitatea, sormena, berrikuntza, originaltasuna, produktu zein zerbitzuen konposizioa eta integrazioa, argiztapena eta koloreen konbinazioa. Bertanek eta udalak bi helburu lortu nahi dituzte ekimen honen bitartez: merkatariak erakusleihoak atontzera animatzea eta herritarrak bertako merkataritzara bultzatzea.