Koronabirusa Azpeitian

Zortzi kasu positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko aza. 25a, 13:24

Azpeitiko intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du, mantso bada ere. Zarautzen hamar kasu zenbatu dituzte eta sei Azkoitian. Positibotasun tasa %5,6ra jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 3,5era Nafarroan.

Zortzi kasu positibo berri zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Azpeitian. Herenegun egindako probetan bi lagunek eman zuten positibo herrian, eta beraz, atzokoan gora egin zuen positibo kopuruak. 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa 743,94koa da orain Azpeitian, atzo emandako datua baino baxuagoa; 763,87koa zen atzo. Martxoan lehen kasu positiboa agertu zenez geroztik, 964 azpeitiarrek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan.

Azpeitiko zortzi kasuez gain, beste 21 kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kosta eskualdean; herenegun hautemandako kasuak baino gehiago –22 izan ziren atzo, guztira– zenbatu zituzten atzo. Azpeitiaz gain, kasu gehien zenbatu dituzten herriak dira Zarautz eta Azkoitia. Zarautzen hamar kasu berri hauteman dituzte, eta sei Azkoitian. Zarautzen beste hamar kasu zenbatu zituzten atzo, eta laranja koloreko semaforoan jarraitzen du herri horrek, 424,87ko intzidentzia tasa baitu. Gutxi bada ere, Zarauzko intzidentzia tasak behera egin du atzotik gaurrera. Azkoitian, berriz, sei kasu detektatu dituzte, eta hango intzidentzia tasa 850,78koa da; behera egin du tasak han ere.

Gainerako herrietan ere zenbatu dituzte kasuak: bi hauteman dituzte Zestoan eta bana Aian, Getarian eta Orion. Zestoan, bi kasu zenbatu dituzte, eta 707,41eko intzidentzia tasa du herri horrek. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu herriok semaforo gorriarekin argitzen; izan ere, 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan soilik egiten du kolore bidezko sailkapena. Aian, Getarian eta Orion ere kasu bana baieztatu dute. Aian 750,75ekoa da intzidentzia tasa, Getarian 913,56koa, eta eskualde osoko handiena du Oriok 973,44koa; han bai, semaforo gorria piztuta du Eusko Jaurlaritzak. Zumaian intzidentzia tasa nabarmen ari da behera egiten: 300,34koa zen tasa atzo, eta 223,92koa da gaur.

797 kasu gehiago

Hego Euskal Herrian beste 797 kasu berri baieztatu dituzte. Positibotasun tasa %5,6ra jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 3,5era Nafarroan. Azken orduetan, hurrenez hurren, 693 eta 104 positibo atzeman dituzte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.311 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo. 9.149 PCR egin zituzten eta 3.162 antigeno test. Guztira, 693 kasu positibo atzeman zituzten. 101 kasu baieztatu zituzten Araban, 305 Bizkaian, 275 Gipuzkoan eta hamabi hiru lurralde horietatik kanpoko pertsonetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo positibo eman zuten pertsonen erdiak kontaktu zuzenak ziren.

Osasun Sailak jakinarazi duenez, 53 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19aren ondorioz. Horrez gain, Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 142 pertsona daude egun. Gainera, COVID-19a tarteko, 97 hildako zenbatu dituzte azaroaren 16tik 22ra bitartean. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 0,79koa da gaur-gaurkoz.

Koronabirusa kontrolpean edukitzeko, positibotasun tasa %5ean egotea gomendatu zuen Munduko Osasun Erakundeak, eta Nafarroak maila horretatik behera kokatzea lortu du atzoko datuekin: %3,5ean, hain zuzen. 2.940 proba eginda, 104 kasu atzeman zituen Osasunbideak atzo Nafarroan; abuztutik hona izan duten bigarren kopuru txikiena da gaur Nafarroako Gobernuak eman duena.