Euskaraldia 2020

Euskara laneko hizkuntza ere badelako

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 20a, 15:30

Euskara planak dituzten herriko zazpi enpresa eta erakunderi aitortza eginez hasi dute Euskaraldia herrian. Ekitaldian parte hartu dutenek nabarmendu dute, Azpeitia arnasgunea izanda ere, euskara normalizatzeko bidean badagoela zereginik.

Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia egin dute gaur eguerdian Sanagustin kulturgunean. Han izan dira Imanol Amiano Euskaraldiaren Azpeitiko koordinatzailea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Eneritz Albizu udaleko Euskara zinegotzia eta udalaren Elegune zerbitzuaren laguntzarekin euskara planak egin dituzten herriko zazpi enpresa eta erakundetako ordezkariak: Abelur kooperatiba elkarteko Lurdes Alberdi, Artxara kooperatiba elkarte txikiko Aritz Arakistain, Bieleko Maider Aizpuru, Gurean Turismo Zerbitzuakeko Alex Silva, Kimubat Ekopaisaiako Aitziber Otegi, Landeta Burdin Lanakeko Kepa Alberdi eta San Martin fundazioko Manolo Aizbitarte. Entitate horiei aitortza egin diete lanean euskara normalizatzeko egin duten eta egiten ari diren ahaleginagatik, eta udal ordezkariek oroigarri bana eman diete.

Amiano izan da hitza hartzen aurrena. Azaldu du berez martxoan zutela ekitaldia egiteko asmoa, batetik, euskara planak dituzten herriko enpresa horiei euskara normalizatzeko egin duten eta egiten ari diren lana aitortzeko, eta bestetik, herriko gainerako entitateak Euskaraldira erakartzeko "trakzio lan paregabea" egin zezaketelako. "Baina COVID malapartatuak hankaz gora jarri zigun kronograma eta gainerako guztia, eta ezin izan genien gure asmoei ekin, eta itxialdiak eta horren ondorengoek dena atzeratzera bultzatu gintuzten". Euskaraldirako trakzio lan horretarako balio izan ez duen arren, "ezin genuen zuen konpromisoa eta euskararen aldeko lana aitorpenik gabe utzi", eta horregatik, gaur, Euskaraldiaren lehen egunean, egin diete aitortza.

Udal ordezkariak izan dira hitza hartzen hurrenak. Alkortak zein Albizuk ekitaldian ziren entitateetako ordezkariei eskerrak emateko baliatu dute aukera. "Euskara normalizatzeko ezinbesteko eta gainerako enpresentzat eredu zarete", esan die Alkortak. Albizuk, berriz, haien konpromisoa azpimarratu du. "Udalak aholkularitza zerbitzua jartzen du zuen eskura, baina horrek ez luke ezertarako balioko gogorik ez balego, eta zuek erakutsi duzue baduzuela". Azpeitia euskararen arnasguneetako bat izanda ere, oraindik zer hobeturik badela esan du Albizuk, eta horren adibide dela lan mundua, "baina zuek erakutsi duzue euskara laneko hizkuntza ere izan daitekeela".

Bertso-paper lehiaketa eta kontzertuak

Erniarraitz bertsozale elkarteak bertso-paper lehiaketa antolatu du Euskaraldia gai hartuta. Hilaren 22ra arte egongo da parte hartzeko aukera. Lanak azpeitia@euskaraldia.eus helbidera bidaliko beharko dira, eta hilaren 28an udalatxean egingo duten sari banaketa.

Horrez gain, Euskaraldiaren barruan beste bi ekitaldi ere antolatu dituzte, Euskaraldiak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean. Lehendabizikoa, Goazen 7.0 Kontzertua; hilaren 29an izango da Soreasu antzokian. Bi emanaldi egingo dituzte, 17:00etan bata eta 19:00etan bestea. Horietarako sarrerak dagoeneko salgai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean, zortzi euroren truke. 

Bigarren ekitaldia, berriz, abenduaren 4rako antolatu dute, Euskaraldiari bukaera emateko. Mikel Urdangarinek Izurdeen lekua diskoa aurkezteko kontzertua emango du Soreasu antzokian, 19:00etan hasita, eta horretarako sarrerak ere dagoeneko eros daitekez Kulturazen webgunean, 12,5 euroren truke.