Azoka Plaza gaineko aretoan izango da alokairuko sabelei buruzko biharko hitzaldia

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 17a, 11:33

Oraindik eman daiteke izena emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 751 000 eta 943-15 70 55 telefonoetara deituta.

Emakumeen Txokoan beharrean, Azoka Plaza gaineko aretoan izango da alokairuko sabelei buruzko biharko hitzaldia. Herritarrek hitzaldira joateko erakutsi duten interesagatik erabaki dute saioa lekuz aldatzea, Azoka Plaza gaineko aretoan jende gehiago sar daitekeelako segurtasun neurriak behar bezala hartzen direla bermatuta. 18:30ean hasiko da hitzaldia eta beharrezkoa da aurrez izena ematea, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 751 000 eta 943-15 70 55 telefonoetara deituta.

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak antolatutako solasaldi feministen barruan antolatu dute hitzaldia, eta Itziar Alkorta Zuzenbide zibileko irakasle eta bioteknologian eta giza-ugalketako teknologia berrietan aditua arituko da hizlari lanetan June Fernandez Pikara magazineko kazetaria arduratuko da saioa dinamizatzeaz. Antolatzaileek azaldu dutenez," alokairurako sabelak arautzearen aldeko zein aurkako argudioak mahaigaineratu, eta legalki egoera ulertzeko gakokoak ematea da saioaren helburua".