Urtea hasi denetik zazpi indarkeria matxista kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan

Julene Frantzesena 2020ko aza. 25a, 09:00

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hainbat indarkeria matxista kasu artatzen dituzte urtero. Iaz behera egin zuten kasuek, baina aurten, urtea bukatu ez bada ere, igoera nabarmena izan da: 2019an lau emakumek jo zuten Gizarte Zerbitzuetara, eta aurten, zazpik.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25, eta urtero legez, herriko hainbat eragilek indarkeria matxista salatzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Azpeitia ez da salbuespena indarkeria matxista kasuei dagokienez; izan ere, udaleko Gizarte Zerbitzuek Uztarria.eus-i emandako datuen arabera, 2019an lau kasu artatu zituzten sail horretan –2018an hamabi izan ziren–. Aurten, urtea bukatu ez bada ere, kopuruak gora egin du: urtea hasi zenetik zazpi kasu izan dituzte Gizarte Zerbitzuetan.

2019ko datuak

  • Iaz indarkeria matxista jasan zuten lau lagunek jo zuten Gizarte Zerbitzuetara. Horiek indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa pairatu zuten: bik fisikoa nahiz psikologikoa eta bik psikologikoa.
  • Lau emakume horiek 28, 33, 38 eta 41 urte zituzten.
  • Jatorriari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetara jo zuten herritar horiek atzerrian jaiotakoak ziren.
  • Lau emakume horietatik hiruk jarri zuten salaketa.

2018ko datuekin alderatuz gero, Gizarte Zerbitzuetara jo zuten emakumeen kopuruak nabarmen egin zuen behera iaz; izan ere, 2019an lau lagunek jo zuten sail horretara, eta 2018an hamabik. Bestalde, bi urteen arteko datuen alderaketen artean nabarmentzekoa da adin tartea: izan ere, 2018an 45 urtekoa zen Gizarte Zerbitzuetara jo zuten herritarren bataz besteko adina, eta 35 urtekoa, berriz, 2019an.

Urtea hasi denetik indarkeria matxistak ez du etenik izan herrian. Urtarriletik azarora zazpi emakume joan dira Gizarte Zerbitzuetara laguntza eske: horietatik hiruk indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa jasan zuten, eta lauk psikologikoa. Dagoeneko, beraz, iaz baino hiru kasu gehiago artatu dituzte aurtengoan. Zazpi emakume horietatik lau Gipuzkoan jaiotakoak dira, eta hiru atzerrian. Adin tarteari dagokionez, berriz, lau emakumek 40 eta 50 urte bitartean zituzten, eta 25 eta 35 artean hiruk. Zazpi emakume horietatik bik jarri dute salaketa.