Jon Guridi: "Pasatu dudana pasatuta, beste era batera baloratzen ditut gauzak"

Julene Frantzesena 2020ko aza. 16a, 11:17
Jon Guridi. (Reala)

Realarekin debuta eginda, lesio larri batek guztiz aldatu zion futboleko norabidea Jon Guridiri (Azpeitia, 1995). Prozesu luze bat igarota, berriro elastiko txuri-urdina jantzi eta zelaian duen onena emateko aukera izaten ari da azpeitiarra. Ez dute bolada makala bizi; Espainiako Ligan sailkapen buruan da Reala, eta Europako lehian bizi-bizirik. "Pozez" dago Guridi, taldera itzuli delako.

Bi urtetik goraren ostean, elastiko txuri-urdinarekin itzuli zara berdeguneetara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Bi urte txar pasatu ostean eta egindako lanaren eraginez lortu dut berriz ere horra iristea. Poz handia daukat, txikitatik amestu dudan gauza bat delako. Duela bi urte debutatu ahal izan nuen Realarekin, baina lesio handi baten ondorioz ebatsi egin zidaten ametsa. Poz handia dut berriz itzuli naizelako.

Bi urte eta erdi gogor igaro dituzu. Lesiotik errekuperatuta, Mirandesekin aritu ziren joan zen denboraldian. Zer balorazio egiten duzu lesioaz eta Realera itzuli arteko boladaz?

Lan asko egin behar izan dut, bai gimnasioan, bai handik kanpo. Min hartu izanak mentalki indartsuago izaten lagundu dit, egia esan. Izan ere, lesio gogor bat izan arte ez duzu baloratzen zer daukazun. Pasatu dudana pasatuta, beste era batera baloratzen ditut gauzak. Asko ikasi dut lesioa tarteko.

Hasierako hamaikakoan zelairatu zinen joan zen urriaren 25ean. Zer moduz?

Egia esan, lasai. Nire buruarekiko konfiantzarekin irten nuen zelaira, gauzak ondo egingo nituela pentsatuta. Lehen, agian, horixe falta zitzaidan. Debuteko egunean, adibidez, oso urduri nengoen. Orain tentsioa izaten dut, baina urduritasunik ez. Taldea dinamika onean egoteak ere laguntzen du horretan.

Jokatu dituzun partidetan bi penalti egin dizkizute…

Hala da, bai. Ez dut uste sekula penaltirik egin zidatenik, ez naiz gogoratzen behintzat. Bi penalti egin dizkidate azken asteetan, eta beraz, bai ni eta bai taldea dinamika positiboan gaudela esan daiteke.

Nola ari zara bizitzen egoera?

Ez da ezer aldatu. Eguneroko lanaren islada da emaitzetan ikusten dena: izan ere, astean zehar oso gogor entrenatzen dugu, entrenatzaileak asko exijitzen baitigu. Lasai gaude, egunerokoan buru-belarri, denboraldia luzea da eta.

Ezin hobeto hasi duzue denboraldia. Garaipen bat bestearen atzetik. Sailkapenaren buruan zarete. Gustura al zaude?

Taldea oso prestatuta ikusten nuen aurtengorako. Dena den, partidaz partida joan behar dugu. Europako lehian ere hor gaude, hurrengo fasera sailkatzeko aukera askorekin... Hainbeste partida jokatuta, taldea fisikoki oso ondo dagoela ikusi da, eta horri heldu behar diogu. Ahalik eta gehien eutsi behar diogu bolada positibo honi.

Nolako taldea duzuela esango zenuke?

Talde oso gaztea da, anbiziotsua, ilusioduna. Fisikoki indartsu dagoela erakusten ari da taldea: taldea indartsua eta kalitatezkoa da. Aurten ari gara ikusten Realean urteetan falta izan den intentsitate defentsiboa.

Entrenatzaileak etxeko jokalarien aldeko apustu nabarmena egin du. Zer esan nahi du horrek zuretzat, zu ere harrobiko jokalaria izanik?

Oso positiboa da hori guretzat. Reala beti izan da harrobiko jokalariei aukerak ematekoa, eta azken urteetan are jokalari gehiago atera dira Imanolekin [Alguacil]. Reala Bn urteak egin ditu Imanolek, eta jokalari gazteok ezagutu egiten gaitu. Horrek konfianatza ematen digu, eta gugan jarritako konfiantzari gauzak ondo eginez erantzuten ahalegintzen ari gara.

Zer-nolakoa da jokalarien eta entrenatzaile taldearen arteko harremana?

Imanol, [Mikel] Labaka, [Jon] Ansotegi... urte askoan Realean aritutakoak dira. Urteak dira taldea osatzen dugun jokalariok ezagutzen garela ere, eta hori nabaritu egiten da zelaian. Harreman oso ona dugu taldean.

Zubeldia, Aranbarri eta zu. Azkoitiko eta Azpeitiko hiru jokalari aritu zarete azken partidetan Realarekin…

Ederra da hori ikustea, lagunak baikara. Azpeitiarentzat eta Azkoitiarentzat ere izugarria da: bi herriek beti eman dituzte kirolari oso onak, eta orain, hiru lagun gaude Realarekin saltsan.

COVID-19a dela eta, hainbat aldaketa izan dira futbolaren dinamikan. Nolakoa ari da izaten zalerik gabeko lehia?

Pixka bat arraroa. Aurreko denboraldian hasita, hainbat partida jokatu ditugu publikorik gabe. Hasieran arraroa egiten zitzaidan, baina ohitu-edo egin garela uste dut. Egia esan, xelebrea da egoera, ez baitakigu nork eta noiz eman dezakegun positibo, zer gertatuko den... Aurrekoan, adibidez, koronabirus kasuak tarteko, lehen taldeko jokalari oso gutxirekin etorri zen Granada Donostira. Guri ere toka dakiguke halako egoera bat bizitzea.

Zaleen beroa faltan sumatuko duzue, ezta?

Bai. Futbola zaleturik gabe ez da gauza bera. Gol bat sartu eta zaratarik ez izatea inguruan... Arraroa egiten da.

UEFAn ere lehia bizian ari zarete. Zer moduz doa txapelketa hori?

Ondo hastea espero nuen, taldea oso prestatuta baitago hainbeste partida jokatzeko. Ondo ari gara, eta ea halaxe segitzen dugun. Europako hurrengo hiru partidak oso garrantzitsuak izango dira, eta uste dut aurrera egiteko gai izango garela.

Talde bezala, zer helburu jarri diozue zuen buruari?

Joan zen urteko Errege Koparen finala irabaztea nahi dugu denok. Horrez gain, ligan oso ondo ari gara, eta uste dut badagoela sailkapeneko lehen lau postuetan edo Europako postuetan sailkatzeko moduko taldea. Eta, bestalde, Europako lehian ahalik eta urrunen iristea nahi dugu.

Koronabirusak nola baldintzatu du zuen eguneroko jarduna?

Denoi eragin digu, guri ere bai. Egunero Zubietara joan, PCR proba egin... Gu kontrolatuta gaude alde horretatik, eta zentzu horretan, pribilegiatuak garela uste dut. Izan ere, beste sektore batzuetan eta futboleko maila baxuagoetan ez dituzte probak egunero egiten.