Koronabirusa Azpeitian

Azpeitiko intzidentzia tasak egonkortzera egin du azken egunotan

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 13a, 13:31
Abuztuaren 1etik atzora arteko positiboen eta asteko bataz bestekoaren grafikoa.

Atzo hamabi positibo zenbatu zituen Osakidetzak Azpeitian, eta 104 dira azken zazpi egunetan gauzatutako testetan positibo eman duten herritarrak. Azken zazpi egunetan, batez beste, hamabost lagunek eman dute positibo herrian, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa oso altua da oraindik ere: 1.248,75.

Koronabirusak ez du atsedenik ematen herrian, eta horren erakusgarri dira aste honetako datuak ere. Atzo, osteguna, herrian gauzatu zituzten PCR probetan eta antigeno testetan –ez dute zehazten herriz herri zenbat egiten dituzten– hamabi positibo atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Astelehenetik, guztira, 67 lagunek eman dute positibo herrian. Azken zazpi egunetan, berriz, 104 herritarrek; eguneko hamabost lagunek, batez beste. Aurreko zazpi egunetan –urriaren 30etik azaroaren 5era–, berriz, 84 lagunek eman zuten positibo.

Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko. Beheko grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Irail bukaeratik urriaren bukaerara etengabeko hazkundea izan zuen zenbateko horrek herrian; azaroko lehendabiziko astean joera aldatu eta beherantz hasi zen; baina aste honetan hasieran berriz ere kontrako bidea hartu du, eta azken egunotan nahikoa egonkor mantendu da. Egia da oaringo datuak urriaren bukaerakoak baino hobeak direla, baina, hala eta guztiz ere, Azpeitiko tasa oso altua da oraindik. Urriaren 30ean jo zuen goia 1.700eko tasa gaindituta; joan den larunbatean —azaroak 7— 1.142,48 zen tasa; eta gaur 1.248,75 da.

Azpeitikoaz gain, Urola Erdiko bi herri handienen tasa ere ekarri du Uztarria.eus-ek goiko grafikora. Azpeitian bezalaxe, Azkoitian ere gorabeherak izan ditu hamalau egunetako 100.000 biztanleko positibotasun tasak, baina oraindik ere Azpeitikoa baino tasa altuagoa du. Joan den ostiralean —azaroak 6— jo zuen goia han, 1.459,67ra iritsita. Harrezkero zertxobait apaltzera egin du, baina oraindik ere oso altua da: 1.309,52. Atzo bost kasu atzeman zituzten han.

Zestoan, berriz, urriaren 27an jo zuen goia tasak –1.174–, baina azken astebetean, gorabeherak gorabehera, behera egin du: Osakidetzak gaur kaleratutako datuen arabera, 887,03 da tasa. Atzo bost positibo zenbatu zituzten han.

Grafikoan ikusten diren gorakada horiek, neurri batean, koronabirus agerraldiek eta fokuek eragindakoak dira; izan ere, abuztuan Alde Zaharrean izandako fokuarekin du zer ikusia Azpeitiko lerroko gorakadak, eta Zestoan irailaren erdi-bukaera aldean izan zen agerraldiarekin. Azkoitian ere goraka nabari daiteke baheketa selektiboa egin zuten egunetan.

Errezilgo datuak ere ez dira onak, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez –628 zehazki–, tasak eta batez bestekoak oso aldakorrak dira. Azken zazpi egunetan zazpi errezildarrek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan, eta herri horretako azken astebeteko 100.000 biztanleko positibotasun tasa 495,70 da. Dena den, azken hamalau egunetakoa kontuan hartuz gero, nabarmen egiten du gora tasak: 2.547,77 da. Atzo bi positibo detektatu zituzten Errezilen.

Urola Kostan, guztira, 45 positibo atzeman zituen Osakidetzak atzo gauzatutako probetan. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Errezilgo 24 kasuez gain, Orion zazpi, Zarautzen eta Aian launa, Getarian hiru, Zumaian bi, eta bat Aizarnazabalen.

Hego Euskal Herrian 1.636 kasu

Gipuzkoan 619 positibo izan ziren atzo, 653 Bizkaian eta 137 Araban. Guztira, 17.061 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 1.420k eman zuten positibo –positibotasun tasa % 8,3koa da–. Erietxeetako egoerak okerrera egin du beste behin: atzo 60 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 500 dira ospitaleetan daudenak. Horietatik 134 lagun daude ZIUn. 

Nafarroako datuak ere eman ditu hango gobernuak. Atzokoan 3.520 proba egin zituzten, eta horietatik 216 kasu zenbatu dituzte. Azken egunetan nabarmen egin du hobera Nafarroako egoerak. Duela hiru aste egunean 700 positiboren bueltan ibili ziren, eta azken egunotan 300 baino gutxiago zenbatu dituzte.