Ezkutuan den fauna zelatatzen

Julene Frantzesena 2020ko aza. 12a, 15:38
Markel Aldalur eta Xuban Mujika kamera zelataria eskuetan dutela.

Mendi inguruan kamera zelatariak jarri eta askotariko animalien irudiak biltzen dituzte Markel Aldalurrek eta Xuban Mujikak. Bideo muntaiak egiten dituzte, herritarrei inguruan dagoen fauna erakusteko. Afizio berezi samarra dute bi gaztetxoek, eta haiekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Batzuek Fortniteko saioak, eta besteek youtuberren bideoak. Gailu digitalek badute gaztetxoak (eta ez hain gaztetxoak) erakartzeko ahalmena, inondik ere. Badira, baina, teknologia berriak baliatuta zaletasun berezi samarrak dituzten gaztetxoak ere: inguruko mendi eremuetan diren animaliak grabatu eta bideoak egiten dituzte Markel Aldalurrek (Azpeitia, 2007) eta Xuban Mujikak (Azpeitia, 2007).

Jakin-minak bultzatuta hasi ziren Azpeitia inguruko mendietan nahiz basoetan animaliak grabatzen. "Interneten ikusi genituen kamera zelatariekin grabatutako bideo batzuk, eta askotan aritzen ginen bideo haietan agertzen zirenak zer animalia ziren eztabaidatzen. Xubanek bazuen halako kamera bat, eta...", azaldu du Aldalurrek.

Animaliazaleak dira biak ala biak, eta zaletasun horrek eraman ditu afizioa indartzera: izan ere, Izarraitzen proba moduan hasi zuten jarduna eguneroko bilakatu zaie. "Irudietan agertzen diren animaliak aztertzen gozatu egiten dugu, eta orain, ia egunero joaten gara basoren batera". Izarraitz, Matxinbenta, Nuarbe... inguruan kamera jartzeko "leku on asko" dagoela aitortu du Mujikak: "Izarraitzera-eta oinez joaten gara, eta beste leku batzuetara gurasoek eramaten gaituzte. Hori bai, animalientzat moduko pasalekua izan behar du, hau da, baso zabala, pagadia...".

Kamerak leku egokian jartzeak bere garrantzia duela azaldu dute bi lagunek; izan ere, kamera martxan jartzen badute ere, mugimendua sumatu arte ez da hasten grabatzen. "Sentsore bidez hartzen ditu irudiak, eta beraz, egun batzuetan basoan uzten dugu kamera; astebebetez, adibidez. Dena den, begiratzeko tentazioa izaten dugu, eta ia egunero joaten gara", azaldu du Aldalurrek.

Orduak igarotzen dituzte kamerak kokatzen, grabatutako bideo zatiak ikusten, bideo muntaiak egiten. Dena den, kamerak irudi "ikaragarri" ere ez dituela hartzen azaldu du Mujikak: "Aldi batean, gehienez, 80 mugimendu inguru bildu izan ditugu. Baina mugimendu horiek animalienak, belarrenak, hostoenak... izan daitezke".

Askotariko animaliak

Askotariko animalien irudiak dituzte dagoeneko, hala nola lepazurienak, azkonarrenak, basurdeenak, orkatzenak, azerienak, jinetenak, kattagorrienak nahiz hainbat txorirenak. "Gehien orkatzak eta azkonarrak agertu izan dira", adierazi du Aldalurrek. Irudietan jaso duten animalia xelebreenaz galdetuta, jineta agertzerik ez zutela espero esan dute biek: "Ez da askorik ikusten, eta... Orain basakatua ote dabilen zalantza daukagu, eta horixe grabatzea nahi dugu, baita erbinudea ere".

Gauza bat grabatzea da, eta bestea animalia horiei denei izena jartzea, baina horretan ere ondo baino hobeto moldatzen dira: "Gehientsuenak badakigu zer animalia diren, eta zalantza dugunean begiratu egiten dugu. Batzuetan, gainera, eremu horretan uzten dituzten aztarnen arabera jakiten dugu zer animalia den". Ikerketatik ere badu, beraz, Mujikaren eta Aldalurren afizioak.

Sare soziak erabiltzeko joerari eutsiz, sortzen dituzten edukiak zabaltzeko modua ere egin dute: Bosque Oculto izeneko kanal bat sortu dute Youtuben. "Irudi dezente biltzen ditugunean egiten ditugu bideoak, eta Interneten zabaltzen ditugu. Orain arte lau egin ditugu, eta bisita batzuk izan dituzte", azaldu du Aldalurrek.

"Gustura" dira bideoek izan duten harrerarekin, baina gehiago zabaldu nahi dituzte edukiak, Azpeitia inguruko basoetan zer animalia diren erakusteko.