Loiolako Santutegian grabatutako Dantz Point musika emanaldia eskainiko dute bihar

Anartz Izagirre 2020ko aza. 10a, 12:52

Charles Ramirez azkoitiarraren saioa emango dute, 20:00etan hasita. Dantz Pointek musika elektronikoa leku enblematikoetara eramatea du helburu. Saioa online bidez soilik jarraitu ahal izango da Dantzen webgunean.

Charles Ramirez azkoitiarrak Loiolako Santutegian egindako musika elektroniko saioa emango dute bihar, asteazkena, 20:00etan hasita, Dantz Point egitasmoaren barruan. Duela egun batzuk grabatu zuten azkoitiarraren saioa, eta hori online ikusteko aukera izango da bihar, honako lotura honetan. Hamasei urtez DJ Patt ezizenarekin Itziarko Txitxarro diskotekako DJ izan ondoren, azkeneko hogei urteetan zehar ibilbide luzea izan du Ramirezek. 100 erreferentzia baino gehiago atera ditu bere zigiluarekin (Hof Rercords), eta Ramden proiektuko kidea da J. Nandezekin batera.

Dantz Pointen helburua leku enblematikoetan musika elektronikoa zabaltzea da, eta saioak mundu osora zabaltzen ditu streaming bidez. Ekimenak hainbat alor uztartzen ditu; besteak beste, artea, arkitektura, natura, turismoa, abangoardia, kultura eta teknologia berriak.

Hona hemen Loiolako Dantz Pointaren promozio bideoa: